Milaka pauso eta helburu bat

Urriaren 20an Mundukidek kooperatiben arteko bosgarren lasterketa solidarioa antolatzen du. Aurtengo leloa hauxe da: Milaka pauso eta helburu bat. Korrika eta oinez, milaka pauso, ehunaka pertsona espero ditugu, Urkuluren bueltan haien elkartasuna adierazteko. Urtero lez, ez dugu korrika egingo bakarka. Taldeka egingo dugu. Gure eredu kooperatiboa azpimarratu nahi dugulako. Arazo handiak ditugu, baina elkarrekin indartsuagoak gara haiei aurre egiteko.

Udazkenarekin batera lasterketak hasten dira berriro gurean. Donostiako maratoia edo Behobia-Donostia helburu, milaka pertsonak jartzen ditugu korrika egiteko zapatilak eta bidera ateratzen gara. Gurea, aldiz, ez da beste lasterketen modukoa. Helburu garrantzitsuena ez da irabaztea edo denbora hobea egitea, ezta kirola egitea ere. Gure pausuak beste helburu batekin egiten ditugu. Eta horregatik urrian egiten dugu lasterketa, ez behobia edo maratoia prestatzeko beste helburu batzuk ditugulako.

Helburu horiek azaltzeko Nazio Batuen egutegiari errepasoa egingo diot. Egutegi horrek kontutan hartzeko gaiak proposatzen dizkigu. Izan ere, kontzientzia astindu eta konpondu beharreko arazoak ditugula gogoratzen digu. Nik urriko egun horiek azpimarratu nahi ditut.

Urriak 11, Nesken nazioarteko eguna.

1.100 miloi neska daude munduan etorkizunerako prestatzen, baina mutilen aldean oztopo gehiago gainditu beharko dituzte eta diskriminazioa jasan. Gaur egun, eskolara doan neska kopurua gora doa, eta bere ikasketak amaitzen dituztenak ere gehiago dira. Baita ere, ume direla haurdun geratzen diren neskak gutxituz doaz. Baina egia da ere, oraindik neska askok ablazioa jasaten dutela, eta asko direla ere ezkontzera behartuta daudenak, oso gazte direla eta haiek aukeratu ez duten pertsona batekin. Horregatik, badago zer ospatu baina, baita ere, aldarrikatzeko asko dago oraindik. 

Neska horiengatik korrika egingo dugu. Eta, bitartean, Brasilen, bertako neskekin eta andreekin, emakumeen eskolaren 6 edizio antolatu ditugu. Emakumeek antolatuta, formaziorako gunea da baina, batez ere, parte hartzea sustatuz, emakumeak ahalduntzeko da emakumeen eskola.

Urriak 15, Emakume baserritarren Nazioarteko Eguna.

Landa eremuko emakumeak munduko biztanleriaren herena dira, eta munduko nekazal produkzioaren %43aren arduradunak. Lurra lantzen dute eta milaka pertsonak jango dutenaren haziak landatzen dituzte. Horrela, biztanleria elikatzeko segurtasuna bermatzen dute eta, bide batez, klima aldaketarako prestatzen laguntzen dituzte haien komunitateak. Hala eta guztiz ere, lurra, kreditua eta haziak lortzeko gizonek baino zailtasun handiagoak dituzte. Eta hori gutxi balitz, aldaketa klimatikoaren eraginez haien bizi baldintzak okertzen ari dira.

Munduko emakume baserritar horiengatik korrika egingo dugu. Eta horrekin batera Mozambiken 4.000 emakume nekazarirekin lan egiten dugu. Haziak, tresnak eta ura bermatuz, urte osoan zehar lurra lantzeko aukera izan dezaten eta horrela, haien eta beraien familien elikadura hobetzeaz gain, diru sarrerak lor ditzaten.

Urriak 16, Elikaduraren Nazioarteko Eguna.

Munduan 820 miloi pertsona baino gehiagok gosea jasan behar izaten du. Eta, mundu berean, ia 840 miloi pertsonak gizentasun arazoak ditu. Tartean, 5 urtetik beherako 40 miloi ume eta 125 miloi gazte 5 eta 19 urte artekoak. Eta, gainera, gizentasun arazo horiek tratatzeko, urtean 2.000 miloi dolar baino gehiago gastatzen dira munduan.

Kontraesanez beteriko mundu honetan, gosea jasaten dutenen alde korrika egingo dugu. Eta aldi berean, Kolonbian, Pasto komunitate indigenen emakume nekazariekin, produktu tradizionalen ekoizpena sustatu nahi dugu eta eskualde horietako jatetxeen eskutik merkatu berriak zabaldu haien produkziorako.

Urriak 17, Pobreziaren aurkako eguna.

Munduan 800 miloi pertsona baino gehiago eguneko 1.25 dolar baino gutxiagorekin bizi da. Horren ondorioz, horietako gehienek eguneko jatekoa, ur edangarria edo argia lortzeko aukera gutxi dituzte. Horrenbeste garapen ekonomiko, baliabide teknologiko eta ondasun pilaketa duen mundu honetan, hainbat miloi pertsona horrela egotea sinesgaitza da. Etorkizun bideragarri bat eraiki ahal izateko, beharrezkoa eta urgentea da, pertsona horien parte hartzea haien komunitatean eta bizitzen inguruan hartu behar diren erabakietan. Bakarrik, guztion parte hartzea eta eskubideak kontutan hartuz, bermatuko dugu gure planetak eta gaur egungo eta etorkizuneko gizarteak, guztion behar eta asmoei erantzuten diola eta, ez bakarrik, aberatsenei.

Horregatik korrika egingo dugu. Eta bitartean Etiopian eta Ekuadorren lanean hasi gara pertsona gehiagorengana heldu nahi dugulako.

Urriak 2a Mahatma Gandhi jaio zen egunaren urteurrena ere bada. Gandhi berak, egiteko gai garen eta egiten dugunaren ezberdintasuna azpimarratzen zuen. Orain gure esku dago alde hori murriztea eta mundu hobe baten alde lanean aritzea.

Milaka helburu dauzkagu, beraz, eman pauso bat eta datorren Urriaren 20an bat egin Mundukideren lasterketa solidarioarekin.

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • Mundukide en Mozambique
  • Mundukide en Mozambique
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide