Asier Elorza: “Kolonbiako indigenak beraien eskubideak defendatzeko matxinatu dira”

Asier Elorza Ugarte

Asier Elorza Ugarte, familiarekin bizi da Kolonbiako Nariño departamenduan. Kolonbiako hego mendebaldean sortu den gatazka gertu-gertutik bizi du hark. Arrasatearrak 12 urteko ibilbidea egin du Brasilen, Mozambiken eta Kolonbian, Mundukiderekin batera kooperazio kooperatiboa praktikan jarriz.

Badira egun batzuk indigenak eta nekazariak kalera protestatzera atera direla. Zein da arrazoia?

Martxoaren 10ean hasi zuten haiek minga (auzolana) deitzen duten lanuztea, eta Cauca iparraldean Panamericana izeneko errepidea itxi dute. Horrenbestez, Cauca azpian dauden bi departamentu Kolonbiako beste lekuekin isolatuta geratu dira, gure bizitoki den Nariño departamendua barne. Diote, Juan Manuel Santos presidente ohiarekin sinatutako 1.200 akordiotik bat bera ere ez da gauzatu. Horregatik atera dira kalera.

Zelatan bizi zarete Kolonbian eta noiztik? 

Semea, bikotekidea eta hirurok gaude irailetik Kolonbian Mundukiderekin lanean, Coemprender izeneko kooperatiba sendotzen laguntzeko helburuarekin. Pasto hiriburuko hondakin birziklatzaileen kooperatiba da Coemprender. Baztertua eta estigmatizatua dago kooperatiba hori. Gure lana da partaideen bizi-baldintzak hobetzen laguntzea, haiekin lankidetzan.

Eragiten dizue eguneroko lanean erreboltak?

Errepide nagusia itxita egon da gasolina eta gasa ez direlako iristen, ezta prozesatutako jakiak ere. Gasarena arazo handia da hiri osoan ez delako saltzen eta familiak egurrarekin hasi dira sukaldeko lanak egiten. Gasolindegietan ilara handiak sortu dira. Jendeak 12 orduz zain egoten da gasolina erosteko eta, gainera, ezin da nahi beste erosi. Garraio publikoari dagokionez ere autobus gutxiago ari dira eta horrek eguneroko lanean eragiten digu… Joan zen hastean, adibidez, bilera batzuk egiteko pertsona batzuekin geratuta geunden, baina ezin izan ginen elkartu errepidea itxira dagoelako eta hegaldien prezioak hirukoiztu egin direlako. Supermerkatuetan ere gauza batzuk ez dira heltzen eta probisioak amaituz doaz…

Bizi zareten auzoan, nabari duzue gatazka?

Gatazka ez da nabari, baina jendea larrituta dago, batez ere gasaren kontua dela eta. Adibidez, duela bi egun gaueko ordu bietatik zegoen ilaran zain jendea gas bonbonak erosteko, baina eguerdira arte ez ziren iritsi eta, gainera, ez zen denontzako egon.

Nola erantzuten du gobernuak honen aurrean?

Kolonbiako presidentea, Ivan Duque, ez dago larrituta, egoera larri horrekin eta ezta gatazkarekin ere, hiriburutik urruti gertatzen delako eta Bogotan ohartu ere ez dira egiten.  Bai presidentea eta jende gehian oro har, komunikabide batzuen interesak direla medio, Venezuelaren egoeraz bakarrik daude jabetuta.

Testua: Goiena

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • IV FOROKOOP 2010
  • IV FOROKOOP 2010