Zehar lerroak

 

Egiten dugun lankidetza lana garapen sozioekonomikoa sustatzean datza; hala, gure jarduketak eskualdeen eta gurekin lanean diharduten taldeen ekonomia soziala sustatzean zentratzen dira. Dena den, garapenean hainbat osagai elkarren mende daudela jakinda, lanerako zeharkako ardatz gisa giltzarritzat eta lehenetsi beharrekotzat jotzen ditugu:

 

GENERO BERDINTASUNA

amakEredu patriarkala nagusi den mundu batean bizi garela baieztatzetik abiatzen gara. Eredu horrek emakumeen gaitasunak eta eskubideak mugatzen ditu eta ezaugarri hauek dauzka: ez du bidezkotasunik bultzatzen eta desberdintasunak sortu eta birsortzen ditu, edozein gizartez ari garela ere. Genero berdintasunaren aldeko lanak bilatzen duena da desberdintasun horiek gainditzea eta gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna bizitzako esparru guztietan lortzea.

Gure ustez, Mundukideren lanak ezin du saihestu erronka hori, izan ere, ezin da komunitate baten bidezko garapenaz berba egin genero berdintasunik ez badago. Garapenaren alde egiten dugun lanak desberdintasunak sortzen dituzten egiturak deuseztatzea bilatu behar du, kontuan izanik desberdintasun horien artean oinarri-oinarrizkoak direla generoari dagozkionak. Ondorioz, gure analisi, jarduketa eta ebaluazioetan genero ikuspegia txertatzen dugu.

 

IRAUNKORTASUNA

Ingurumena, gizarte-ekonomia eta kultur-identitate ikuspegitik ulertutzen dugu.

Ingurumen ikuspegia: nazioartean adostasuna dago egungo eredu ekonomikoari ezin zaiola denboran mugarik gabe eutsi eta are gutxiago eredu hori herrialde pobretuetara zabaldu. Bistan dago, gainera, egungo sistema ekonomiko globala eta oreka ekologikoa bateraezinak direla. Krisi ekologikoa Ipar-Hego erlazioen barruan aztertuz gero, onartzen dugu krisi ekologiko globalaren funtsezko erantzulea Iparra dela, beraz, lehentasunezkoa da batez ere Iparrean jardutea.

Gure lanean, iraunkorrak ez diren garapen eskemak birsortzea ekiditeko, gure jarduketek ahalik eta ingurumen inpakturik txikiena izan dezaten lan egiten dugu, eta horretarako ingurumena babestu eta tokiko baliabideak modu iraunkorrean kudeatzen ditugu.

Gizarte-ekonomia ikuspegia: bilatzen dugun garapenak iraunkorra izan behar du, baita arlo ekonomian ere. Gure ustez, autonomia ekonomikoak funtsezko eragina du independentzian; hautatzeko aukerak sortzen dira, ahalmenak sortzen dira… Ekonomia ez dugu ulertzen osagai sozialetik bananduta. Aberastasunaren sorkuntzak bidezkoa izan behar du horretan laguntzen duten guztien artean banatzeko, bakoitzak jartzen duen lanaren balioa kontuan hartuz.

Uste dugu iraunkortasun ekonomikoa eta soziala banaezinak direla garapen iraunkorrerako eta gure printzipioekin bat etortzeko.
Sustatzen diren jarduera guztietan, bideragarritasuna aztertu, zaindu eta bilatzen da epe ertain eta luzera. Horrek ez du esan nahi jarduera guztiek errentagarriak edo autoiraunkorrak izan behar dutenik, baizik eta jardueron epe luzerako finantzaketa ziurtatu behar dela; lehentasunezko mekanismoa autoiraunkortasuna baita.

Kultur-identitate ikuspegia: identitatea garatzeko prozesuak eta garapen sozioekonomikorako prozesuak paraleloak dira. Identitate aspektuak sendotzen laguntzen duten ekintzek egitura soziala sendotzen lagunduko dute eta horrek, aldi berean, kapital soziala indartzen lagunduko du, izan ere, kapital soziala da oinarri nagusietako bat garapen sozioekonomikorako prozesuan.
Sustatuko ditugun esku hartzeak, beraz, gurekin lanean diharduten komunitateen ohitura, usadio, mekanismo eta dinamika tradizionaletan oinarrituz eta horiek errespetatuz gauzatzen dira.

Zeharkako bi ardatz horiek generikoki zehaztuta daude Mundukidek bultzatzen dituen programa eta proiektu guztietarako. Programa bakoitzean eta une bakoitzean ebaluatu egiten da hasierako egoera, helburu espezifikoak, aspektu horiek helburuetan nola eragiten duten, eragiteko ahalmena zenbaterainokoa den, eta horren ondorioz erabaki.

 

 

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • IV FOROKOOP 2010