Mozambikeko emakumeak – Ainara Ansa

mujer_marrupa

Mozanbikeko emakumeengan pentsatzen dudanean bi irudi etortzen zaizkit burura.

Bata bide bazterrean oinez doan pertsonarena da: pertsona argala, duintasunez mugitzen dena, soinean kapulana bat gona moduan daramana (kolore biziko tela afrikarra), niki bat eta txankletak. Buruan janaria prestatzeko egurra edo ura garraiatzen du eta bizkarrean haur bat dauka.

Beste irudia iturritik ura ateratzen ari den emakumearena da: kasu honetan taldean ikusten dut emakume gehiagorekin eta umea bizkarrean duela, iturriaren palankari eman eta eman, etxerako behar duen urarekin baldea betetzen.

Bizi baldintza latzak dituzte tamalez eta jaio diren lekuak asko baldintzatzen ditu. Gu Mozanbike iparraldean egon gara (Niassa eta Cabo Delgadon) eta han ikusitakoaz ari naiz mintzatzen, ze emakumearen egoera ez da berdina Maputo hiriburuan edo gu egon garen landa giroan.

Iparraldean haur direnetik hasten dira etxean laguntzen, sei edo zortzi bat urteko neskak bizkarrean anai-arrebaren bat dutela ikustea normala da, baita amari egur edo ur garraioan laguntzen ere.

Gazte direlarik ezkontzen dira eta emakume bakoitzak sei edo zazpi bat haur izaten ditu. Hori dela eta urte askoan ume bat tripan edo bizkar gainean dutela ibiltzen dira eta gizonen aldean desabantaila argi bat da, ze merkataritzan aritzeko mugikortasuna galtzen dute eta era honetan diru iturri garrantzitsu baten ateak ixten zaizkie.

Beinatek behin baino gehiagotan esan digun bezala, pertsona bizi duen egoerak baldintzatzen du eta horren adibide garbi bat poligamian dugu. Mozanbiken poligamia onartua dago, nahiz eta legala ez izan. Alde batetik ezkontzeko eta haurrak izateko adinean dauden gizonezkoak emakumeak baino dexente gutxiago dira, bestetik etxetik kanpora lan egiten duen gizon batek bi familia mantendu ditzake eta azkenik Mozanbiken dauden bizi baldintzak gogorregiak dira pertsona bat bera bakarrik aurrera ateratzeko.

Harridura sortu didan gaia gizarte tradizionala emakumearengan oinarritzen dela jakitea izan da. Ezkontzen direnean, normalean emakumeak beren herrixketan geratzen dira eta senarrak dira lekuz aldatzen direnak. Modu honetan emakumearen familiako gizonezkoak izaten dira emakumearen haurren inguruan erabakiak hartzen dituztenak, eta ez senarra. Umeek amaren abizena hartzen dute.

Mundukidek kudeatutako baratzetan emakume asko ikusi ditugu lanean, bai gazte bai eta adinekoak eta poza eman dit, izan ere beraientzat diru-etorri garrantzitsua da baratza. Eta leku gehienetan bezala, ekonomikoki zenbat eta independienteagoa izan, orduan eta aukera gehiago ditu emakumeak benetako berdintasuna lortzeko.

Hala ere alor honetan zeregin handia dago egiteko oraindik. Hasieran deskribaturiko irudietara itzuliz, argi dago emakumeak gizonezkoak baino okerrago daudela: emakumeek egurrak buru gainean garraiatzen dituzte eta gizonezkoek bizikletaz. Adierazgarria, ezta?

Ainara Ansa

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • Mundukide en Mozambique
  • Mundukide en Mozambique
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide