Mikrokredituak – Aiora Padilla

microcredito

Uda honetan Mundukidek Mozambiken duen proiektua bisitatzeko aukera izan dugu, eta besteak beste, programaren mikrokreditu sistemak nola funtzionatzen duen eta zein garrantzi duen ezagutu dugu.

Mikrokreditu hitza entzutean burura etortzen zaigu mailegu txiki bat, berme gabe eta baldintza malguetan ematen dena. Wikipediak ere hala dio: “mikrokreditua mailegu txiki bat da, interes baxuan eta itzultzeko epe malguekin ematen dena. Benetako berme edo abalik gabe ematen da. Abal beharrik gabe itzultzeko konfiantzan oinarritutako maileguak dira eta pobreziaren kontra borrokatzeko eta jende behartsuenen artean enpresa-proiektuak garatzeko tresna bilakatu dira”.

Programa bisitatu ostean, ordea, kontzeptu hau askoz ere zabalagoa izan daitekeela ohartu gara.
Lehenik eta behin beharrak identifikatu dira, eta behar horien arabera diseinatu da urte hauetan zehar programaren kreditu sistema.

Hasierako urteak, uzta kaxkarra zela eta, gosete garaiak izan ziren. Egoera larri hura gainditzeko jatekoa eman zitzaien baserritar nabarienei, jendeak janari truk beraien soroetan lan egin ahal izan zezan. Honela, ekoiztutako produktuekin itzuli zuten baserritarrek maileguan emandako janaria.
Gosete krisi hura gainditzean, mailegua produktutan eman zitzaien, eta dirutan itzultzeko eskatu zen, uztaren salmentarekin lortutakoaz. Hurrengo urteetan kreditua bere osotasunean pasa zen dirutan izatera.

Gaur egungo joera mikrokreditu sistema tradizional hau alde batera uzten joatea da, eta nekazal arloko hobekuntzetan arreta jartzea.

Hobekuntza teknologiko bat bultzatzen ari da programa nekazal ekoizpenean. Esaterako, grabitate bidezko ureztapen sistemak, ongarrien erabilpena edota fruta-arbolen txertaketa. Honek, ordea, inbertsio bat eskatzen du baserritarren aldetik. Haziak erosi behar dira, ongarriak, motobonbak.

Egun, programak inbertsio hauek egiten laguntzen du. Produktu hauen erosketa egiten du, hau da, behar duten inbertsioa aurreratzen die nekazariei, eta ondoren, uztaren salmentarekin jasotako diruaz ordaintzen dute kreditua. Nolabait, programaren oinarrizko helburuak lortzeko behar diren kreditu komertzialak ematen dira. Honek, aldi berean, programa gero eta nekazari gehiagori helaraztea ahalbidetzen du.

Laburbilduz, mikrokredituak jatorrizko definizioa baino askoz ere kontzeptu zabalagoa izan dezake, eta garrantzitsua da momentuko beharren arabera diseinatzea kreditu sistema, behar horiek era egokienean asetu ahal izateko.

Aiora Padilla

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • Mundukide en Mozambique
  • Mundukide en Mozambique
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide