“Gozatzeko eta sufritzeko gaitasun izugarria dute, guk aspaldi galdu samar ditugunak”

Ikastolen elkarteko zuzendari bezala erretiroa hartu nuen eta 2017tik  Begoña bikotearekin Mundukidek Brasilen zuzentzen duen  lankidetza programan ari gara lanean.

Lanean ikastoletan, batez ere Sopelako Ander Deuna ikastolan hasi nintzanetik, ikastolak, baita kooperatibak ere, beti izan dira lan egiteko helburu. Ibilbide honetan eta Ikastolen Elkartearen 90eko hamarkadaren bukaeran aukera bat egin beharra egokitu zitzaigun, mugimendu kooperatiboaren ardatza indar gehiagoz jokatzea. Eta hortxe hasi zen etapa bat, Erkide, Kooperatiben Konfederazioara eta Kooperatiben Goren Kontseilura eraman ninduena. Bide horretan, besteak beste, Mundukide ezagutu nuen.

Eta jubilazioa hurbildu zenean, argi neukan zerbait egin nahi nuela osasunak laguntzen zuen bitartean. Joanes seme txikiaren adibideari jarraituz (bera izan zen gure etxean kooperazioaren aintzindaria, Garabide Fundazioaren eskutik), sasi-segurtasuna eta konfort pertsonala gainditu eta bide barri bati ekin behar niola/geniola (Begoña bikotekidea hortxe baitago) erabaki genuen. Mundukide Fundazioa tresna ezin hobea da maila honetan lan egiteko. Beraz, Mundukiderekin harremanetan jarri, pixkanaka boluntario gisa lehen urratsak egin eta Brasileraino!

Gure lana, MST eta Mundukide Fundazioak adostu duten gestiogintzarako ereduari segituz, Parana eta Santa Catarina (ia, ia 300.000 km2) estatuetako 8 kooperatibei asistentzia kooperatibo teknikoa ematea da, kudeaketa arloko laguntza , planifikatzen hastea, talde-lana eta lan-banaketa antolatzea eta gauzatzea, haien zerbitzuak aztertzea, ekonomi-kudeaketa bultzatzea, jarraipena egitea  etab…Bertako “camponés-ei” (baserritarrei) beti esaten diet: “nik nekazaritzaz ezer gutxi dakit, zuek askoz gehiago dakizue horretaz, kudeaketa atalean eman ahal dizuegu laguntza, indibidualki eta kolektiboki dakiguna eskaini. Zuek erabili behar eta nahi duzuena.  Maila honetan“Os bascos” taldeko kidea naiz, Fundazioko kolaboratzaileok taldean egiten baitugu lan.

 

           Begoña eta Imanol,  ezkerretik hasita 3. eta 4.enak,  Brasileko lantaldeak Sao Paulon egindako topaketan.

 

Mundukidek bi gauza oso ondo egiten ditu Brasilen. Mudukidek kapital soziala (ezagutza kudeaketan eta elkarlanerako eredu bat) sortu eta utzi nahi ditu ari den herrietan, eraldaketa sozialerako espazioak eta erreferentziak sortu herri horietako erakunde sozialekin elkarlanean, kasu honetan “Movimento dos Trabalhadores Sem Terra” (MST) taldearekin eta honela, neurri batean behintzat, aldaketa eta hobekuntza sozialetarako aukera bertan sustraitu. Bertakoek,  proiektu sendo baten oinarria dela adierazten dute. Gaur egun Mundukidek duen alderdi indartsuenetako bat MSTrekiko lankidetza da. Hemendik alde egiten dugunerako  herentzia soziala utzi behar dugu. Gauzak ondo egiten jarraituz gero, Brasiletik alde egiten dugunean, MSTko brasildarrek haien kabuz lan egiteko gaitasuna izango dute. Mundukideren aportaziorik handiena, gauzak ondo bideratuta uztea eta lehen bait lehen, gure beharrik ez ditzatela izan izango da.

 

Imanol eta Begoña Curitiban (Parana) kooperatibako lankideekin eta Izar Elustondo Mondragon Unibertsitateko ADEko ikaslearekin batera.

 

Bukatzeko esango nuke, beste balore batzuk (berdintasun handiagoa, elkartasun sakonagoa) beharrezkoak direla beste mundu bat eta beste Euskal Herri justuagoa egiteko. Umiltasuna beharrezkoa dela besteekin kolaboratzeko. Guk asko dugu aportatzeko, baina kontuan hartu behar dugu munduko mugimendu sozial handienarekin eta indartsuenarekin ari garela lanean. Mobilizatzeko, lan egiteko eta, sarritan, gozatzeko eta sufritzeko gaitasun izugarria dute, geuk aspaldi galdu samar ditugunak. Bestalde, pazientzia eta malgutasun handiagoak izan behar ditugu/ditudala, eraldaketa soziala beti astiro gauzatzen baita. Baina, laburbilduz, esperientzia hau gure bizitzan gertatu zaigun esperientziarik ederrenetarikoa da. Dena irabazia da.

Guk Euskal Herrian familia utzi dugu (oraingo honetan Pello seme nagusia, sindikatu bateko kide kualifikatua dena, Saioa bere bikotekidea eta, batez ere, Maddi eta Uxue bilobak gogoratu nahi ditut/ditugu), adiskideak, lankideak eta ikastolakideak. Baina kooperatibetan eta ikastoletan lan egiten dutenei, jubilazio garaira osasun egoera onean heltzen direnei (txorakeria, ameslari puntu bat beti behar ditugu izan), lehen aipatzen nuen konfort aukera alde batera utzi eta, Brasilen, Euskal Herrian edo munduan tantatxoa uzteko proposatuko nieke. Beti dugu aukera zeregin horretan eta Mundukide, adibidez, tresna ona da horretarako. Errepikatu egiten dut, irabazten duguna ematen duguna baino askoz gehiago da.

Imanol Igeregi

Brasil programako  boluntarioa

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • Mundukide en Mozambique
  • Mistica e simbologia MST
  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide