Gaur negar egingo dut – Josu Urrutia · Mundukideko zuzendaria

(Abdullahrentzat aita baten eskutitza)

 Bihar nire alabak 4 urte beteko ditu eta negar egingo dut.

Haurdunaldiko poza gogoratuz negar egingo dut, jaiotza eta lau urte hauetako oroitzapen, muxu eta pozak gogoratuz. Lehen pausoak, lehen hitzak, lanetik etxeratzerakoan egiten dizkidan ongietorriak eta aita deitzen didaneko uneak  gogoratuz negar egingo dut.

Negar egingo dut, familiartean urtebetetzea ospatzen ari garen bitartean, Abdullah bakarrik dagoela ezingo dudalako burutik kendu. Rehan emazterik gabe, Galip eta Aylan semeak gabe. Orain urtebete Meditarranear itsasoa zeharkatzen ari zirela ito zirelako.

Urte bete pasatu da jadanik, Aylanen argazkiak gure kontzientziak astindu zituenetik.

Negar egingo dut, shock momentua berehalakoan pasatu zitzaigulako eta ehundaka eta milaka pertsonek bizia galtzen jarraitu dutelako Sirian, Afganistan eta Mediterranear itsasoan. Negar egingo dut Europak, guk, mundu zibilizatu honek, heziak jaso eta ordaindu egiten dugulako pertsonak gure artera ez daitezen etorri, soberan dugun hori ez banatzearren.

Negar egingo dut, gure senitartekoak atzerrira lanera joaten direnean, aukera bila edo eta merkatu berriak zabaltzera doazela esaten dugulako.  Baina aldiz, ez dugu gure artera jenderik etortzerik nahi lana lapurtzera datozelakoan.

Negar egingo dut, munduaren bidegabekeriagatik. Jaiolekuak  baldintzatzen duelako itsasora oporretan yatez zeharkatzea edo pateraz  gurutzatzea, familiari miseria eta gerratik aldenduz bizitza hobeago bat eskaintzeko, nahiz eta bidean bizitza galtzeko arriskua izan.

Negar egingo dut.

Baina bihartik aurrera ez dut negarrik egingo, eta bidegabekeria hauek salatzen arituko naiz. Ez dut negarrik egingo etorkinak gu bezalako pertsonak direla esaterakoan.

Ez dut negarrik egingo, egoera gutxietsian bizi diren pertsonentzako inbertsio eta proiektuak lortzeko lanean aritzerakoan, jaioterrian formazioa eta lana izan dezaten. Inor ez delako etxetik ateratzen bizitza bete eta zoriontsua garatu ahal izateko aukera eukita.

Ez dut negarrik egingo, mundu honek horrela ezin duela jarraitu salatzen dudanean. Oxfamek dion bezala, munduko biztanleria aberatsenaren %1ak gainerako biztanleen %99ak baino aberastasun gehiago dauka. Ta gainera,  eguna joan eta eguna etorri  ezberdintasun hori handitzen ari da. Horren ondorioz, 62 pertsonek bakarrik, 3.600 miloi pertsonek  duten adina aberastasun pilatzen dute.

Ez dut negar egingo, nire seme-alabei, hemen jaiotzeko aukerarik izan ez duten pertsonei bizitza hobetzen laguntzeko helburuarekin egiten ditudan bidai luzeen zergatia azaltzerakoan.

Ez dut negar egingo, eskutitz honen irakurle eta pertsona bakoitzari opor bueltan eskatzen diodanean, alde batetik,  pentsatu dezala apur bat gure sistema eta bizitzeko moduez, eta bestetik, kontzientziaz konprometitu dadila, gero eta pertsona eta erakunde gehiagok eskatzen dugun aldaketaren alde.

Ez dut negar egingo, irailaren hasieran heltzean zutaz gogoratzen naizenean Abdullah, zauden tokian egonda,  Rehan zure emazteaz eta zure bi semeez. Haien memoriak eta zuen adibideak mundu justu eta  hobe bat eraikitzen lagun gaitzala, non,  Galip, Amets, Jare edo Aylan izena izan, denok aukera berdinak izan ditzagun.

 

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Voluntarios de LKS auditores colaboran en el proyecto de Marrupa