ESPERANTZAREN GLOBALIZAZIOA- Jose Antonio Mendikute

“Gure herriak elikatzen ditugu eta mundua eraikitzen dugu, mundua aldatzeko” goiburupean, landa inguruneko ehunka ordezkarik, “La Via Campesina” nazioarteko mugimendua ordezkatuz, VII. Nazioarteko Konferentzia egin dute uztail bukaeran Euskal Herrian.

La Via Campesinan mundu guztiko 200 milioi nekazari biltzen dira. Mugimendua 60 herrialdetako 170 erakundek osatzen dute, eta erakunde horietako kideen artean, nekazari txiki eta ertainak, lurraren langileak, lurrik gabeko gizon eta emakumeak eta emigranteak daude. Mugimenduak eskala txikiko nekazaritza sostengarriaren alde egiten du, horrela justizia soziala eta duintasuna sustatzen direlakoan.

Nekazaritza-negozioen eta multinazionalen kontra daude, negozio eta multinazional horiek darabiltzaten elikakateen balio sistemak maila askokoak baitira, landa produktuekin lotutako jarduerak barne, hala nola prozesaketa, garraioa eta banaketa. Enpresa handi horiei harreman sozialak suntsitzea eta natura kaltetzea leporatzen diete.

Mugimenduaren ustez, nekazaritza-negozioen jarduerek ez dituzte aldaketa klimatikoa, biodibertsitatearen galera, krisi energetikoa, ur eskasia, kutsadura eta halako fenomenoak eragozten, eta kontua da inpaktu horiek guztiek ondorio larriak eragiten dizkiotela piramide sozialaren oinarriari, pobrezia, gosea eta malnutrizioa sortuz.

Sojaren, gariaren eta artoaren kotizazioan Ameriketako Chicago eta New Yorkeko burtsetan izaten den ikuskizunaren aurrean, non futbol partidetan bezala egiten baita apustu, La Via Campesinak gogorarazten digu elikagaiak ez direla salerosgai huts, eta ondasun komuntzat hartu behar direla. Gaur egun, merkatu legeak indarrean direla, 850 milioi pertsona goseak daude munduan.

Lau egunean, nekazari mugimenduak hainbat gairi buruz eztabaidatu du; horien artean: elikadura burujabetza, nekazaritza ekologikoa, hazien defentsa, merkataritza eta justizia klimatikoa; baita nekazarien eskubideei buruz NBEk egin duen deklarazioaren zirriborroari buruz ere.

Gogora ekarri dira indarkeriaren ondorioz hildako eta espetxeratutako MSTko pertsonak –Mundukide mugimendu horrekin lankidetzan ari da Brasilen–, eta gauza bera Kolonbia eta Indiako nekazariekin ere.

Nekazariek Bilboko kaleetan egindako agerraldian, gogoratu dute lurrak lantzeko direla, eta ez negozioa egiteko. Kexu agertu dira munduko politikek ez diotelako espero zen erantzuna eman une honetan dagoen ingurumen kezkari; hala ere, onartu dutenez, karbono bonuak, aztarna hidrikoa eta ingurumen ziurtagiriak ahalegin baliagarriak izan daitezke ingurumenak jasaten dituen inpaktu negatiboak murrizteko.

Nekazarien bozeramaileak gustura daude Nazioarteko Konferentzian egindako lanarekin, eta ziurtatu dute topaketatik indartuta atera direla. Landa inguruneko jendearen giza eskubideen aldeko borrokarekin konprometituta daude, inork baino hobeto dakitelako “erein barik ez dagoela uztarik”, eta euren goiburu baten gidaritzapean (“Itxaropena globalizatu”), Sarrionandiaren hitz hauek kantatu dituzte: “Gaurko haziek, biharko uzta”.

 

Jose Antonio Mendikute Badiola

 ekonomia eta enpresa zientzietan doktorea

 Mundukideko kolaboratzailea

Blog pertsonala: Análisis económico en porciones

 

 

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • Mundukide en Mozambique
  • Mundukide en Mozambique
  • O churrasco
  • Mistica e simbologia MST