Baobabaren azpitik – Urri Urizar Ibabe

Miren Mozambiken
Negua zen oraindik Miren Amurizarekin elkarrizketatxoa izan eta udaran bost asterako Mozambikeko iparraldera joateko prest zegoela esan zigunean.

Asko poztu nintzen bertsolari gazteak Mundukideko proiektuarekiko interesa azaldu zuenean, baina bereziki, bere begietan ikusi nuenean Mozambikera joateak zoriontsu egiten zuela. “Hau niretzat opari bat da” errepikatzen zuen behin eta berriz.

Eguna iristean, bere koadernotxoa hartu eta zarata handirik atera gabe Afrikan presentatu zen. Ezagutu zuen proiektua, ezagutu zituen pertsonak eta ezagutu egunerokoa.

Baobab zaharraren azpian eserita, haize epelak, etxoletako ke usaiak, barre algarak, egurrez kargatutako emakumeen oin hotsak eta kirkilen kri-kriak eragindako sormen eta sentimenduz osatutako zurrunbiloak, barrenak uzten laguntzen zion. Noizean behin, pozaren pozez, amorruz edo tristuraz papera tatuatzen zuen malkorren bat erortzen zitzaiolarik.

Bertsoak idatzi eta idatzi, ez zitzaion bukatzen grina sortzen zizkioten gaiak, lurraren mintzaira, elefanteen arrastoa, zuhaitzen emakume morfologia, azal zimurren gramatika,…nola ekarri paper guzti horiek Euskal Herrira?

Mauela, neska gazteak begiratu, eta “Kapulana bat beharko duzu guzti hori zurekin eramateko!” esan zion Mireni muturtxoari alde batera eraginez.

Eta horixe bera egin zuen! Kapulana gorrixka batean, bertso, hauts, tinta eta baobabaren fruituak bilduz Euskal Herrira ekarri ditu.

Udazkenean hasita, gure herritako oholtza gainetan kapulana zabaldu eta zintzilik jarriko du Mirenek. Interesa duenak, egin dezala kuku bat, gogo biziz eta eztarria urratuaz zoriontsu joan ziren begiek kontatzeko zer ekarri duten jakitera.

Urri Urizar Ibabe

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Voluntarios de LKS auditores colaboran en el proyecto de Marrupa