Mozambike iparraldeko nekazariak jabetzeko hitzarmena sinatu dute Arrasateko udalak, Harreman eta Mundukidek

  • Udalak, Mundukidek eta Harremanek lankidetza akordioa berritu dute Mozambike iparraldeko herritarrek errenta sortzeko duten gaitasuna handitzeko eta bertako garapen sozioekonomikoa sustatzen jarraitzeko
  • Horretarako, Udalak 15.000€ko ekarpena egingo du urtero 2023ra bitartean.

Mundukide Fundazioak eta Harreman GKEk 2000. urtetik daramate Mozanbike iparraldeko garapen sozioekonomikoaren alde lanean eta horren berri jaso ahala, Arrasateko Udalak, aipatutako bi erakundeek gidatutako programa horretara atxikitzeko hitzarmena sinatu zuen lehen aldiz 2017an.

Orduz geroztik eta legealdia amaitu bitartean, Arrasateko Udalak 15.000€ko dirulaguntza eskaini dio urtero programa horri, esan bezala, Mundukidek eta Harremanek bertan egiten duten lanari jarraipena emateko xedez.

Behin legealdi berrian sartuta, Udalak lankidetza hitzarmena berritu du Mozambikeko herritarrek errenta sortzeko duten gaitasuna handitzen jarraitzeko eta berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako garapen ekonomikoa sustatzeko eraikitako bideari eusteko, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzen jarrai dezan.

Horiek horrela, 2017az geroztik egin bezala, Arrasateko Udalak 15.000€ko ekarpena egingo dio urtero aipatutako programari. “Harreman eta Mundukidek Mozanbike iparraldean egindako lana eredugarria da benetan eta Udal honek irmoki sinesten du programak eta haien lanak emandako emaitzetan. Horregatik, lehenbizi bi elkarteek egindako lana aitortu eta eskertu nahi nituzke eta bestalde, gure lanerako prestutasun eta borondatea eskaintzen ditut beste behin, aportazio txiki honen bitartez bada ere, Arrasateko Udalak bertako biztanleen egoera hobetzen laguntzen jarrai dezan”, azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Hitzarmen horrek, baina, aipatutako programa diruz laguntzeaz haratago beste helburu bat ere badu: Harreman eta Mundukiderekin batera, arrasatearrak munduan gertatzen ari diren bidegabekeriez eta egun dauden ezberdintasunez kontzientziatzea, hain zuzen.

Nekazal iraultzaren bidean

Esan bezala, Mundukidek eta Harremanek urte ugari daramatzate jada Mozambike iparraldeko Niessa eta Cabo Delgado probintzietan lanean eta orduz geroztik, bertan benetako nekazal iraultza gertatu dela esan daiteke.

Gaur egun, garapen sozioekonomikoa buotzatzen duen programak dagoeneko 75.000 onuradun baino gehiago izan ditu. 2016an baino 20.000 gehiago, alegia. Iadanik 3000 nekazariren soldata minimoa bermatzen du programak

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • Mundukide en Mozambique
  • Mundukide en Mozambique
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide