“Kapulana bat zintzilik” ikuskizuna aurkeztu dugu

Mundukide Fundazioak, Lanku Bertsolaritza Zerbitzuak eta Miren Amuriza bertsolariak elkarlanean “Kapulana bat zintzilik” ikuskizuna aurkeztu dugu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Mundukiden 15 urte betetzen ditugu eta orain artean kooperatibaz kooperatiba gure lanaren argazki erakusketa ibiltari bat izan dugun bezala, Euskal Herrian zehar herriz herri zabaltzea erabaki dugu. Erakusketa hori gainera, bertso eta ipuinekin jantziko ditu Miren Amuriza bertsolariak.

Kapulana bat zintzilik izenburua zergatik?

Kapulanak Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean. Emanaldi honetan, kapulana bat zabalduko dugu eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dugu bidaia. Tarte horretan kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz arituko gara; hala bertsoz, nola ipuinez. Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala; horixe da Kapulana bat zintzilik.

Erakusketa aste bete eraman dezake antolatzaileak bere herrira, Mundukide arduratuko da erakusketa jartzeaz eta kentzeaz. Erakusketak irauten duen bitartean eta antolatzaileak aukeratzen duen egunean, Miren emanaldi bat eskaintzera joango litzateke “Kapulana bat zintzilik” emankizunarekin.

Lehenengoz erakusketa urriak 5-11 bitartean Berrizen izango da eta lehen emanaldia aldiz, urriaren 8an bertako kultur etxean 20:00etan hasita.

SONY DSC

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Voluntarios de LKS auditores colaboran en el proyecto de Marrupa