‘Kapulana bat zintzilik’ ikuskizun eta emanaldia herriz herri ibiliko da urritik aurrera

J. Urrutia (Mundukide), M. Amuriza eta M. Agirrezabala (Lanku)

J. Urrutia (Mundukide), M. Amuriza eta M. Agirrezabala (Lanku)

Mundukidek 15 urte betetzen ditu eta kooperatibaz kooperatiba dabilen argazki erakusketa ibiltaria Euskal Herrian zehar herriz herri zabaltzea izango da hurrengo helburua. Erakusketa hori, gainera, bertso eta ipuinekin jantziko dute Miren Amuriza bertsolariak eta Eider Eibar ilustratzaileak. Lanku kultur zerbitzuen enpresak laguntzen du urriaren 5ean Berrizen abian jarriko den egitasmo honetan.

Kapulanak Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean. Emanaldi honetan, kapulana bat zabalduko dugu eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dugu bidaia. Tarte horretan Mozambiken ikusitakoaz arituko da Miren Amuriza, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta; hala bertsoz, nola ipuinez. Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala; horixe da “Kapulana bat zintzilik”.

“Ekuazioa perfektua zen…”
Mozambikera joan aurretik, hango jende zaharrarekin elkartu eta haien hitzak grabatzeko asmoa zuen Amurizak. Hango antzinako kondairak eta kontakizunak jaso eta haietan «hitz egiten zuten elefanteak, baobabak, euriari dei egiteko dantzak» eta gisakoak aurkituko zituela uste zuen. «Beste alde batetik, gai potoloak aukeratzeko asmoa nuen: postkolonialismoa, feminismo afrikarra, giza eskubideak… Hirugarrenik, bertsoa zegoen. Ekuazioa perfektua zen: mistika apur bat, politika apur bat eta sentimendu batzuk, eta horrekin aterako zitzaidan emanaldia».

“Hango jendea orainaldian bizi da”
Baina bi egun Mozambiken asko izan zituen konturatzeko aurretik pentsatua zuenak ez zuela ez hanka eta ez buru. «Orduan, berriz zerotik hasi nintzen, bertan eraikitzen zer egin gura nuen».

Horraino iritsita, oinarrizko hiru irizpide ezarri zizkion bere buruari, eta «iraganari buruz ez hitz egitea» izan zen lehena. «Oso arrazoi sinple bategatik: hango jendeak ez dauka guk daukagun denboraren ikuspegi hori. Bizi dira gaur eta hemen».

«Afrikari buruz ez hitz egitea» izan zen bigarren irizpidea. «Hori da askotan egiten dugun beste gauza bat. Herrialde bat ezagutu dugunean, edo are herrialde bateko eskualde bat, lizentzia ematen diogu geure buruari kontinente oso bati buruz hitz egiteko: kontinente zaharra, handia, idilikoa… gure hutsune guztiak bertan betetzen ditugu. Nire bigarren premisa, beraz, izango zen ez nuela Afrikari buruz hitz egingo, Mozambikeri buruz hitz egingo dut, ez Afrikari buruz».

Argumenturik ez, deskribapena
Hirugarren eta azken oinarria izan zen testuetan eta bertsoetan argumenturik ez ematea: «Erabaki nuen ez nuela argumenturik eman nahi; ni ez naizela joango herriz herri argumentuak ematera inor ezertaz konbentzitzeko eta inori ezer azaltzeko. Horregatik, aukeratu nuen testu generoa izan zen deskribapena. Ahalik eta modu zehatzenean saiatuko naiz deskribatzen ikusi dudana eta bizi izan dudana, eta gero hortik bakoitzak aterako ditu bere ondorioak eta iritziak. Baina nik ez diot argumenturik emango».

Emanaldiak, noiz eta non
Erakusketa astebetez eraman dezake antolatzaileak bere herrira, eta Mundukide arduratuko da erakusketa jartzeaz eta biltzeaz. Erakusketak irauten duen bitartean eta antolatzaileak aukeratzen duen egunean, Miren Amuriza emanaldi bat eskaintzera joango da Kapulana bat zintzilik emankizunarekin.

Lehen erakusketa Berrizen izango da, urriaren 5ean hasita eta urriaren 8an, Kultur Etxean (20:00etan) Miren Amurizaren emanaldia. Urriko azken astean Zubirin, Nafarroan emango da. Azaroaren 14an, Ezkio-Itsason, 18:00etan Udal Aretoan. Azaroaren 23tik 27ra, Oñatin, eta 26an egingo dute emanaldia, 17:00etan, Ulma enpresan.

Abenduaren 2an Zaldibian izango da emanaldia (18.30etan Udal Liburutegian); Abenduaren 12an, Aramaion, eta 14tik 20ra, berriz, Altzon izango da erakusketa, eta abendauren 17an, 19:30etan Udal aretoan, Miren Amurizaren emanaldia. Eta urtarrilaren 4tik 17ra Aretxabaletaren txanda izango da; 13an eskainiko dute emanaldia, 19:00etan, Zaraia kultura etxean.

Miren Amuriza: “Ideia batekin joan nintzen eta errotik desberdin batekin itzuli” (bideoa, bertsoa.eus)

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Voluntarios de LKS auditores colaboran en el proyecto de Marrupa