Joao Paolo Rodriguez, MSTko kideak, Gernika Saria jaso ondoren Mundukide eta Mondragon Taldea bisitatu ditu

 

Api. 29, 2013, 5:26 p.m. Goiatz Arana

Brasilgo Lurrik Gabeko Mugimenduko zuzendaritza nazionaleko idazkari Joao Paolo Rodriguez Arrasaten izan da gaur, astelehena, bariku iluntzean Gernikako nazioarteko saria jaso eta gero. Errekonozimendu hori jaso izanak eurentzako duen garrantzia azpimarratu du eta Mundukideren lana goraipatu, “lankidetzari dagokionean, munduan paperik inportanteena jokatzen duen fundazioa” delako eurentzat.

 

“Preso politiko guztiei, MSTn eraildakoei eta Gernikako bonbardaketako biktimei” eskaini zien Gernika Saria. Esanahi berezia du sariak Brasilgo MSTrentzat –Lurrik Gabeko Mugimendua–, “Gernikak berekin duen sinbologiarengatik eta Euskal Herrian martxan den elkartasun prozesuarengatik”. Lurrik gabeko nekazarien alde aurrera daramaten borrokarako indarra ematen diela eta lankidetza harremanak sendotzeko balio diela gehitu du, gainera.

30 urte borrokan

Datorren urtean 30 urte egingo ditu borroka horrek. Zazpi milioi lur hektarea berreskuratu dituzte hiru hamarkada horietan eta, horretarako, elkar hartuta egon izana ezinbestekoa izan da, mugimenduko zuzendaritza nazionaleko idazkari Joao Paolo Rodriguezen esanetan.

 

Helburu garbia dutela azaldu digu Rodriguezek: lurraren demokraziaren aldeko borroka, eta datu azpimarragarriak eman ditu horren harira: “Brasilen, lurren %46 populazioaren %1en eskuetan dago; soilik Paraguain da portzentaje hori Brasilgoa baino altuagoa. Arazoa larria da”. Multinazionalak dira jabe nagusiak, eta Bill Gatesek eta George Sorosek, esaterako, –munduko inbertitzailerik handiena da Soros– lurrak dituzte Brasilen.

Hiru lan-ildo

Hiru lan ildo nagusi ditu MSTk datozen urteetara begira:

Elikadura- subiranotasunaren kontzeptua ezartzea.

Nekazaritza-ereduaren aldaketa: nekazaritza ekologikorako bidea jorratu gura dute, “ingurugiroaren defentsan”.

Landa eremua ez izatea lanerako toki bat soilik, bizitoki ere izatea, gazteak hirira alde egin ez dezaten.

Mundukideren paperaren garrantzia

Euskal Herrira etortzen den lehen aldia izan da hau Joao Paolo Rodriguezentzat, eta agenda estua dauka esku artean: Bilbon, Gernikan, Donostian… izan da eta baita Debagoienean ere, Mundukide Fundazioa eta Mondragon Taldeko kooperatibak bisitatzen.

 

Esperientzia aberasgarria izaten ari dela kontatu digu eta bereziki hitz onak izan ditu Mundukiderentzat, bi arrazoirengatik: nazioarteko elkartasuna eta kooperazio prozesua.”Munduan diren elkarte, erakunde eta fundazioen artetik, paper garrantzitsuena jokatzen duena da guretzat, epe luzera egiten duelako lan”, adierazi du Rodriguezek.

 

MSTk 1.250 herritako bi milioi biztanle ordezkatzen ditu. Joao Paolo Rodriguezek bihar, martitzena, hartuko du Brasilerako bidea.

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Voluntarios de LKS auditores colaboran en el proyecto de Marrupa