“Ikastoletan lantzen dugun elkartasun balioarekin bat dator Fair Saturday”

Urri Urizar (Mundukide), Iñaki del Olmo (Fair Saturday), Gari Ibarzabal (Arizmendi Ikastola) eta Zigor Ibarzabal (Txantxiku Ikastola)

Urri Urizar (Mundukide), Iñaki del Olmo (Fair Saturday), Gari Ibarzabal (Arizmendi Ikastola) eta Zigor Ibarzabal (Txantxiku Ikastola)

Larunbat honetan, azaroaren 28an, Arrasate eta Oñatin burutuko den Fair Saturday ekitaldia dela eta, Zigor Ibarzabal, Txantxiku Ikastolako zuzendaria, eta Gari Ibarzabal, Arizmendi Ikastolako Hezkuntza ez Formaleko arduradunarekin izan gara. Fair Saturday Eguna artearen eta kulturaren bidez mundua aldatzeko nazioarteko eguna da, eta gurean, Arizmendi Ikastolak eta Oñatiko Txantxiku Ikastolak ekitaldiak antolatuko dituzte egun horretan. Batuko den dirua Mundukide Fundazioari emango diote, erakunde honen filosofiarekin bat egiten dutelako, eta xehetasun gehiago izate aldera haiekin Bildu gara:

Zerk bultzatuta egin duzue bat Fair Saturday ekimenarekin?
Zigor Ibarzabal (ZI): Ikastolen izaeran betidanik oso garrantzitsua izan da elkartasunaren balorea eta urtez urte ekimen ezberdinak bultzatu izan ditugu. Iaz adibidez, Ziburuko ikastola laguntzeko bailarako ikastola denek bat egin genuen ekimen arrakastatsu baten baitan. Ikasturte honetan, Arizmendi ikastolako ordezkariak etorri eta Fair Saturday aurkeztu ziguten, zalantzarik gabe gure ekarpena egitea pentsatu genuen.

Gari Ibarzabal (GI): Arizmendi Ikastolan ere eta Ikastolen izaeran betidanik oso garrantzitsua izan da elkartasunaren balorea, eta guk ere urtez urte ekimen ezberdinak bultzatu izan ditugu. Ikasturtero adibidez, elkartasun kanpaina bat antolatzen saiatzen gara: Iaz, Zigorrek komentatu bezala, Ziburuko Kaskarotenea Ikastolari lagundu genion, duela bi ikasturte, ostera, Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin elikagai jasotze
kanpaina bat bultzatu genuen.

Fair Saturday-ri dagokionez, Rakel Murgiondo lankideari otu zitzaion ideia izan zen, Ikastolan aurkeztu bezain pronto zerbait egitea pentsatu genuen. Bailarako Ikastolekin bilera bat egin genuen eta eta Txantxiku Ikastola prest agertu zen ekimenean parte hartzera.

SONY DSC

Zein ideia transmititu nahi diezue ikasleei eta gizarteari oro har ekimen honekin?
ZI: Euskal Herrian bizi garenoi, bizimoduan ez zaigu ezer falta esan genezake, baina errealitate hau ezberdina da munduko hainbat herrialdeetan aldiz. Herrialde hauetako pertsonak, egoera bat edo beste dela, sufritzen ari dira eta laguntzeko dauzkagun aukerak anitzak dira.

GI: Guztiz ados nago Zigorrek esandakoarekin, gainera, diru edo elikagaien bilketak oso ohikoak eta beharrezkoak diren arren, askoz aberatsagoak dira ekimen propioz egindako ekarpenak, norberak egindako zerbaiti etekina ateratzea alegia.

Lehenik eta behin eskerrik asko gurekin gogoratzearren. Zergatik aukeratu duzue Mundukide?
GI: Bailarako Gobernuz Kanpoko Erankunde bat aukeratu dugu bailara mailako ekimena antolatu dugulako. Bailarako ikastolok egin dugu bat ekimen honetan eta bailara ordezkatzen duen erakunde bat aukeratzea nahi genuen.

ZI: Hala da, identifikazio lanean murgilduta geundela, Mundukide egokitzat jo genuen. Munduko hainbat herrialdetan proiektu ezberdinak garatzen dituzte eta proiektu hauek ekintzaletasunarekin, autoenpleguarekin eta kooperazioarekin uztartzen dituztenez, eta lan hori baloratzeko ideian erakunde hau aukeratzea erabaki genuen.

Nola antolatu duzue ekimena? Zertan oinarrituko da?
ZI: Argi geneukan ikasleen parte-hartzea bultzatu behar genuela ekimen hau antolatzen hasi ginenean eta ondorioz, ikasleei ekimenaren berri eman genien. Txistulari, bertsolari eta Gaitzerdi taldea osatzen duten ikasleek beraien prestutasuna agertu zuten. Abesbatzako zuzendaria den Josu Zubiarekin hitz egin genuen eta honek ere haien parte hartzea ziurtatu zigun. Behin jaialdiko parte hartzaileak izendatuta, dirua ateratzeko ekimenak diseinatu genituen. Alde batetik, TTak ikasle taldeak Fair Saturday oroigarri edo pin-ak egiten aritu dira jolas ordu eta arratsaldetan eta irakasleek zapatuan hainbat lan txanda eta bestelako ardura izango ditugu. Jaia soziala izango da, ikastolako hezkuntza komunitatea osatzen dugunok parte hartuko dugu eta herritarren gustukoa izatea espero dugu.

GI: Fair Saturdayren lema “mundu hobe baten bila artea eta kultura bitartez” izanik, lema ikusita Rakel eta biok ikastolan genituen ikasle artistak identifikatzen hasi ginen: hasteko, Arizmendiko Abesbatza daukagu eta Rakel hauen zuzendaria denez beraiekin hitz egin zuen. Besteekin ere berdina egin genuen; txistulariak, dantzariak, trikitilariak, piano joaleak… eta baita txalaparta jotzaileekin ere. Gure poztasunerako denek begi honez ikusi zuten eta aurrera egitera animatu ginen. Txantxiku Ikastolakoekin hainbat bilera egin eta ekitaldiak nola egingo genituen adostu genituen. Gure jaialdia Kulturaten izango da, azaroak 28an, 17:30etatik 19:00ak eta lehen aipatutako denek parte hartuko dute ekitaldian, denak ere, Arizmendi Ikastolarekin lotura zuzena dutenak.

Jaialdi ederrak izango dira biak, ez dago dudarik, ea jendea animatzen den etortzera eta arratsalde polit bat pasatzen dugun…

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Voluntarios de LKS auditores colaboran en el proyecto de Marrupa