“Gutxiagorekin ere ondo bizi daitekela ikusi dut” – Izar Elustondo

 

                                                              Paranáko “Cooperativa central de la reforma agraria”ko bazkideekin batera

 

Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza Graduko 4.mailako ikaslea da Izar Elustondo arrasatearra. Oñatiko fakultatean 1. Maila egiten hasiaz bat iritsi zen Mundukidera, aldi berean ikasi eta lan egiteko aukera eskaintzen duen “Work Based Methodology” pean. Apirilean gradu amaierako proiektua egiteko Brasilgo Paraná estatura abiatu zen Mundukideko programa ezagutu eta bere ekarpena egiteko asmoz.

Nola eraman duzu ikastea eta aldi berean lan egitea?

Hasiera batean gogorra egin zitzaidan. Azken finean, unibertsitateko eginkizunak asteroko lan orduekin bateratzea zaila da. Baina urteak aurrera joan ahala nire ordutegiak hobeto antolatzen ikasi dut. Nahiz eta batzuetan lan karga handia izan, oso aukera ona izan da klasean teorikoki ikusitakoa, Mundukiden praktikan jartzea.

Zergatik aukeratu zenuen Mundukide lanerako? Ezagutzen zenuen aurrez?

Mundukide izena ez zitzaidan arrotza egiten, baina ez nekien zehazki zein zen bere lana. Behin berari buruz informatu ondoren oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan. Normalean GADE bezalako graduetan praktikak egiteko aukera dagoenean, betiko enpresa handietan pentsatzen dugu. Horregatik Mundukiderekin lan egiteko aukerak erakarri ninduen, gure ikasketak beste ikuspegi batetik ikasteko aukera ematen baitzuen.

Zer gai jorratuko duzu gradu amaierako proiektuan?

 Mundukide eta MST elkarlanean ari dira, bertako kooperatibetan, propioa izango den Kudeaketa Eredu bat lantzen. Brasilgo kooperatiba hauek badute izaera berezi bat, mugimendu sozialetik sortutako enpresak direlako eta herrialdearen tamainaren ondorioz, kooperatibak geografikoki oso urrun daude, eta ondorioz, bakoitza bere bidetik joaten delako askotan.

Horregatik, helburu bikoitz honekin sortzen da kudeaketa eredu komuna sortzeko proposamena, eredu sozialago bat sortu eta kooperatiben arteko interkooperazioa edo elkarlana bultzatzeko helburuarekin.

Eredu bat, azken finean, bakoitzaren egoera eredu horrekin alderatu eta aurrera begira arlo desberdinetan hartu beharreko erabakietan lagungarri izateko da. Ereduaren barnean lantzen den arloetako bat ekonomiko-finantzarioa da, prozesu laguntzailea izanik ere badu eta bere pisua.

Beraz nire lana, kooperatiben egoera ekonomikoaren lehen azterketa modu sinple eta baliagarria egin ahal izateko, eman beharreko pausoen sistematizazio eredua bat egitea da. Gidak helburu ezberdinak izango dituelaria:

         Diagnosi lanean erabilera errazeko tresna sortzea

         Kooperatiben kudeaketan lagungarri izango dena

         Formazio material gisa erabilgarri izango dena

Sorpresa izan ahal  da zuretzat Brasil bezalako herrialde batera joan behar izana? Pozik zaude?

Mundukidek Brasilera bidaiatzeko aukera ematea asko eskertzen dut. Azken finean, beste esperientzia bat bizitzeko aukera eman baitidate. Orain arte Arrasateko bulegotik bizi izan dut Mundukideren lana eta Brasilera bidaiatu ahal izatea bertan jorratzen den lana lehenengo pertsonan bizitzeko aukera oso ona da. Mundukidek bertako kultura beste ikuspegi batetik bizitzeko aukera oso ona eman dit, bertako biztanle eta kooperatiben egunerokotasuna gertutik ezagutuz.

Garapen lankidetza alorrean aritu izanak ze ekarpen egin dizu pertsonalki?

Hegoaldeko herrien arazoekin gertutasuna sentitzeko aukera eman dit Mundukidek. Azken urte hauetan, nire egunerokotasunean presente egon da fundazioak herrialde desberdinetan aurrera eraman dituen proiektuen garapena. Proiektu hauen parte izateak ekarpen handiak egin dizkit, horien artean nire lanak helburu “on” bat eduki dezala erakutsi dit. Nire lanarekin beste pertsona batzuei laguntzen ari naizela pentsatzeak pertsonalki asko asebetetzen nau

Horrez gain, orain Brasilera bidaiatzeko aukera eta bertan lehenengo pertsonan hango egoera ezagutzea oso positiboa da niretzat pertsonalki.

Nolakoa da zure lan egun bat?  Zer lankide dituzu?

Gida hau aurrera eramateko Brasilera bidaiatzearen helburua MSTko kooperatiben funtzionamendua eta beraien beharrak lehenengo pertsonan ezagutzea izan da. Ondorioz nire bertako egonaldiaren zati bat kooperatiba horietan garatu dut. Bisita horietan gestio ekonomikoaz arduratzen den (diren) pertsonekin biltzen naiz.

Nire egunerokotasunean Mundukideko parte diren bi boluntariorekin bizi naiz Curitiban (Paraná estatuko hiriburua), baina bisitatu ditudan kooperatiba gehienak bertatik kanpo daude, beraz askotan beste leku batzuetara bidaiatu beharra izaten dut.

Bisita horiek egin behar ez ditudanean berriz Paraná estatuko CCAn (Central de Cooperativas de la Reforma Agraria) dihardut lanean. Bertan MSTko sektore desberdinetako pertsonek egiten dute lan, baita Mundukideren boluntario diren Begoña eta Imanolek ere.

Beraz, nire egunerokotasunean Mundukiderentzat sortu behar dudan gida garatzen dut Curitiban kokatuta dagoen CCAn eta egun puntual batzuetan hiri honetatik at dauden kooperatibak bisitatzen ditut, bertako gestio ekonomikoa lehenengo pertsonan ezagutze aldera.

 MST ezagutu duzunean zerk deitzen dizu atentzioa? zer azpimarratuko zenuke?

Brasilera iritsi eta berehala MSTren parte diren bi kooperatiba bisitatzeko aukera izan nuen. Bertan kooperatibako zuzendaritzan dagoen camponês (nekazari) baten etxean pasatu genuen gaua eta beraien bizimodua ezagutzeko aukera izan nuen.

Gure bizimoduarekin alderaturik berauena oso xumea da eta gauza gutxiagorekin ere ondo bizi daitekela ikusi daiteke. Pertsona hauek egoera gogorrak jasan beharra izan dute beraien lurrak bereganatzeko. Hala ere garbi daukate hau dela beraien lehia eta borroka honekin jarraituko dutela, gizarte justuago bat lortzeko helburuarekin.

Lurrak bereganatu ondoren bizi baldintzak hobetzen diren arren oso bizimodu xumea daukate orokorrean, eta honek guk dauzkagun pribilegio guztiei buruz hausnartzera eramaten nau. Gure gizartea oso eroso bizi da beste errealitate batzuk ere existitzen direla pentsatu gabe.

Brasileko errealitateak ez dauka Euskal Herriko errealitatearekiko zerikusirik. Brasileko aberastasunaren banaketa oso desorekatua da. Gutxi batzuen esku dago bertako aberastasun gehiena eta pertsona ugari bizi dira txirotasunean. Berdina gertatzen da Brasileko lurrekin, gutxi batzuen esku baitaude partzela gehienak. Horri aurre egiteko sortu zen MST mugimendua, eta gaur arte lur ugari bereganatzea lortu du.

Mugimendu hau oso beharrezkoa iruditzen zain Brasil bezalako herrialde batean, aberastasun banaketa desorekatu baten aurrean, MSTko kideek kooperatiben eta beste hainbat tresna bidez ekonomia justu eta orekatuago bat sortzeko helburuarekin egiten baitute lan. Beraz, MSTk Brasilgo gizartea aldatzeko pausuak ematen jarraitzen du, berdintasunaren alde egiten duen gizarte bat lortzeko helburuarekin.

Izar Elustondo

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • Mundukide en Mozambique
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • IV FOROKOOP 2010