Beñat Arzadun: Itxaropentsu naiz Mozambikeko etorkizunaz

beñat

Beñat Arzadun Mozambikeko programaren arduraduna da. Mundukide 2000. urtetik dago Mozambiken eta Beñatek, 2002. urtez geroztik, ematen du ia urte osoa Afrikako hego-ekialdeko herrialde hartan. Nahiz eta hasieran Mundukidek hainbat lan arlotan murgildu, azken urte hauetan nekazaritza-ekoizpenean jarduten du soilik, buru belarri.

Atzo, Hiruatx Aretxabaletako GKEk gonbidatuta, Beñatek hitzaldia eman zuen herri horretan. Otsailaren 13an berriz arituko da Arrasaten (Kulturate, 19:00) Mozambikeko lanaren fruituen berri emateko. Beñat, lehendabizi, kooperanteen hainbat kontu taktikoen gainean aritu zen. Bertako errealitatea ondo ulertzeko egin behar den esfortzua azpimarratu zuen, eta ‘perdigoiaren estrategiaren’ garrantzia aipatu. “Saiakera txikiak egin behar dira zerk funtzionatzen duen detektatu arte”, adierazi zuen. Horrela, emaitza urriak ematen zituen bertako nekazaritza tradizionalari buelta ematea lortzen ari da, askotariko uzta hobeagoak lortuz urtetik urtera; ondorioz, jendea diru iturri txiki batzuk eskuratzen ari da, familien bizi-kalitatea nabarmen hobetuz.

Mundukidek Marrupa, Balama, Montepuez eta Majune distritoetan egiten du lan. Ingurune ruralak dira oso eta populazio dentsitate baxukoak, nahiz eta bataz beste emakume bakoitzak 7 seme-alaba izan. Hango arazo handienetako bat uraren falta da, eta urtetik urtera ureztutako hektareen kopurua bikoiztea lortu da. Lan guzti honen ondorioz populazioaren nutrizioaren hobekuntza nabarmena da –lehen artozko opilak baino ez zuten jaten– eta Marrupan, esaterako, umeen desnutrizio kasuak %40a jaitsi dira 2006tik 2013era.

Euro bakoitzetik, bi lortu
Mundukidek, azken 14 urtetan 3-4 miloi euro inbertitu ditu Mozambiken eta jarritako euro bakoitzaren balioa bikoiztu egiten da nekazariei heltzerakoan.Beñat Arzadunek azpimarratu zuen oraindik lan gogor asko dutela aurretik egiteke eta baldintza gogorrak diren arren, oso itxaropentsu agertu zen. “Jendea optimista dabil eta lanerako gogo handiz, ekin eta ekin. Egoera politikoa ere hobetu da eta nik, orokorrean, itxaropentsu ikusten dut Mozambikeko etorkizuna”.

Mundukide lanean ari den distritoak erreferentzia bihurtzen ari dira eta politikoak gero eta sarriago bertaratzen dira Fundazioa dagoen distritoetara, nahiz eta Mozambike oso handia izan eta leku hauetan oso erosotasun gutxi aurkitu. “Entzun dute zerbait gertatzen ari dela leku hauetan eta ikustera datoz”, esan zuen Beñat Arzadunek atzo Aretxabaletako Arkupe aretoan. Bertaratutako jendeak pozik eta interes handiz jarraitu zuen Beñaten kontakizun itxaropentsua.

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • Mundukide en Mozambique
  • Mundukide en Mozambique
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide