Euskadiko garapenerako lankidetza, indarkeria matxista sufritzen duten emakumeen alde beti.

Britainia Handiko lau erakunde humanitarioetako langileen abusuzko jokabideei buruzko informazioaren ondoren, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak adierazi nahi du emakumeen aurkako edozein abusu eta indarkeria gaitzetsi eta kondenatzen duela.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 14an. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak –nazioarteko lankidetzan dihardugub Euskadiko 80 GKEz osatua–salatu du egoera bereziki larria dela, abusu eta indarkeria horiek krisi humanitarioko testuinguru batean gertatu direlako. Egoera horretan, emakumeak –familiak zaintzearen arduradun, genero-mandatuak direla eta– ahultasun bereziko baldintzetan daude. Halaber, azpimarratzekoa da abusu horiek genero-ekitatea eta giza eskubideen defentsa sustatzen dituzten erakundeen barnean gertatu direla.

“Erabateko elkartasuna erakutsi nahi diegu abusu horien biktimei. Garapenerako erakundeak garen heinean, gure betebeharra da emakumeei entzutea eta justizia eta erreparaziorako tresnak martxan jartzea. Emakumeen eskubideak errespetatzen ez badira, ez dago garapenik”, adierazi dute Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundetik.

Era berean, adierazi dute behar-beharrezkoa dela erakunde humanitarioen eta garapenerako erakundeen lana defendatzea.“Ezin da orokortu. Ezin da nazioarteko lankidetza, ez eta GKE oso bat ere, modu orokorrean epaitu. Izan ere, gertakari isolatuak dira eta titulu pertsonalean –eta ez beren erakundeen izenean–modu lizun eta gaitzesgarrian jokatu duten pertsona gutxi batzuek burutu dituzte”. Adierazi dute gertakari horiek ez dutela inolako zerikusirik Euskadiko garapenerako GKEen esparruarekin edo Euskadiko lankidetzarako politikekin.

Halaber, gogorarazi dute garapenerako erakundeek indarreko legeria eta giza eskubideak babesteko nazioarteko hitzarmenak betetzen dituztela. Eta, horrez gain, berezko araudiak sortu dituzte, beren eragina hobetzeko eta erabiltzen dituzten funtsak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko.

Bestetik, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea osatzen duten erakundeek beren jokabide-kodea daukate, eta bete egiten dute. “Dokumentu horretan oso argi islatzen dugu genero-berdintasunaren aldeko eta emakumeen eskubideen urraketa eta diskriminazioen aurkako gure konpromisoa”, adierazi dute.

“Euskadiko garapenerako erakundeak, asmo eraldatzaileak baditugu ere, patriarkatuaren zantzuak dituen gizarteen parte gara, non oraindik ere matxismoaren jarrera eta jokabideak indarrean dauden. Urteak daramatzagu horren aurka lanean, baina oraindik asko dago egiteko; argi dago hori. Ez dugu sekula onartuko edozein erakundetako edozein langile edo boluntario bere posizioaz baliatzea emakumeen eskubideak urratzeko, gertatzen den tokian gertatzen dela”, adierazi dute.

“Lankidetzako sektore gisa, ezin ditugu begiak itxi eta baliabideak eskuratzen jarraitu behar dugu abusuzko jarreren edozein zantzu hauteman eta horren aurkako neurri sendoak hartu ahal izateko”, argitu dute.

Gertakari horiek alde batera, “Euskadiko garapenerako GKEen lanaren eta Euskadin erakunde publikoek, garapenerako GKEek eta herritarrek sustatzen dituzten lankidetzarako politiken balioa azpimarratu nahi dugu. Horien ezaugarri dira munduko eremu ahulenetan giza eskubideak defendatzeko lana, funtsak kudeatzeko gardentasuna eta gizarteari kontu ematea. Izan ere, gizarteak ahalbidetzen du Euskadiko garapenerako lankidetza planetako ehunka txokotara iristea eta bertako herritarrengan modu positiboan eragitea”, azaldu dute.

Euskaldiko Garapenerako GKEen koordinakundea

*(Mundukide Euskadiko garapenerako GKEen koordinakundeko kidea da)

 

 

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Voluntarios de LKS auditores colaboran en el proyecto de Marrupa