Brasil, aro politiko berri baten aurrean?

Hiru aldiz hauteskundeak galdu ostean, 2003.urtean, bere bizitzako urterik gehientsuenetan tornulari eta sindikalista izaniko Lula da Silvak, Partido dos Trabalhadores alderdiaren hautagai gisa, Brasileko gobernuko presidente izatera iristea lortu zuen. Aurreiritzi guztien aurka, pragmatikoa izan zen eta Fernando Cardoso presidente ohiak hasiriko erreforma makroekonomikoekin jarraitu zuen. Horri esker, eta mundu mailako ekonomiak bizi zuen loraldia probestuz, Brasileko ekonomia erritmo bizian hasi zen; langabezia eta inflazio tasak jaitsiz. Bi legealditan, hazkunde ekonomikoa eta abian jarri zituen gizarte politika ausartei (Fome Cero, e.a.) esker, gabezia larrian bizi ziren 20 milioi pertsonen duintasuna berreskuratzea lortu zuen.

 

  1. urtean berriz, Lularen ministrari izaniko Dilma Rousseffek (hau ere PT alderdikoa), irabazi zituen hauteskundeak. Aro demokratiko modernoan Brasileko gobernuan izan diren PSDB (teorian alderdi sozialdemokrata) eta PMDB (zentro eskuina) alderdiak urduri jartzen hasi ziren eta beraien botere gosea agerikoago egiten. Dilmak, Lulak hasitako politikei jarraipena eman bazien ere, ekonomiaren hazkunde tasa dezente moteldu zen, langabezia eta inflazioa hasiz. Bi alderdi hauek, Dilmaren gobernuak izaniko lorpenak lokazten eta ustelkeria kasuak anplifikatzen saiatu ziren.

 

  1. urtean hauteskundeak izan ziren eta Dilmak ozta ozta irabazi zituen. Gobernua osatu ahal izateko zortzi alderdi politikorekin adostu behar izan zuen, PMDB alderdiari botere handia emanaz, 7 ministeritza eta gobernuaren presidenteordetza, alegia. Horrezaz gain, Lava Jato/Petrolão (Petrobras petrolio enpresa publikoarentzako ziren zenbait eraikin eta instalazio abian jartzeko aurrekontu publikoetatik desbideraturiko dirua zuritzeko erabilitako sarea) auziak indarra hartu zuen. Auzi honek pertsona ugari zipriztindu zituen eta horien artean alderdi ezberdinetako diputatuak, 2400 milioi euro desbideratzea egotzita. Auzi honek izaniko oihartzunak, Brasilek bizi duen egoera ekonomikoak eta oposizioaren botere goseak, zenbait komunikabide ahalguztidunen laguntzaz, Dilmaren irudia higatzea lortu zuten.

Testuinguru honetan, PSDB eta PMDB alderdiek Dilmaren aurkako impeachment edo zentsura-mozio prozesua abiaraztea erabaki zuten. Konstituzioaren arabera impeachment prozesu bat abiarazteko presidenteak delituren bat egin duela frogatu beharra dago. Prozesuari ekin ahal izateko zerga araudia hautsi izana leporaraziko diote, gobernuaren kontuak makilatzeko baimenik gabe banku publikoen dirua erabiliz. Arau-hauste administratibo gisa kontsidera daitekeen praktika hau (zerga pedal kolpe gisa ezagutua), aurreko legealdietan, presidente izaniko zenbaitek ere erabili omen zuten inolako ondoriorik pairatu izan beharrik gabe. Auzi honek, eta Auzitegi Gorenak Lula presidentziako ministrari izendatzea eragotzi izanak, Brasileko gizartea erabat polarizatu zuten, impeachmentaren aldeko eta aurkakoak manifestaldi gartsuetan kalera bultzaraziz.

Prozesuari ekin ahal izateko Brasileko Auzitegi Gorenaren bedeinkapena lortu ondoren, parlamentuan epaiketa politikoari ekin zioten apirilaren 17an. Impeachmentaren aldekoek diputatuen bozken 2/3nak behar zituzten prozesuak aurrera egin ahal izateko, eta aldeko 367 bozkarekin, erromatar zirkua zirudien parlamentuan, impeachmentak aurrera egin zuen. Prozesuak senatuan jarraitu zuen maiatzaren 11an egin zen bozketarekin eta impeachmentaren aldekoek erraz lortu zuten prozesuak aurrera jarraitu ahal izateko beharrezkoa zen gehiengo sinplea. Bozketa honen ondorioz, Dilmak 6 hilabetez Brasileko presidente izateari utzi berri dio eta bere presidente orde, Michel Temer (PMDB alderdikoa) da geroztik Brasileko behin behineko presidentea. 6 hilabete hauetan, senatuan sorturiko ikerketa komisio bat arduratuko da Dilmak legez kanpoko deliturik egin ote zuen argitzeaz. Denbora hau igarota, senatuaren 2/3en babesa lortuz gero Dilmak behin betikoz presidente izateari utzi beharko lioke eta Michel Temerrek jarraituko luke eginkizun horretan legealdiaren amaierararte.

Anabasa politiko honetan, futurologia egitea zaila den arren, Michel Temerrek aukeratu duen 20 ministrariz osaturiko gobernu talde berriaren ibilbidea eta izaera (denak gizonezkoak eta zuriak) kontutan izanez gero, badirudi PTren gobernuek abian jarririko zenbait politika publikok (nekazaritza erreformaren bidean emaniko aurrerapausoek, e.a.) atzerapauso galanta jasan dezaketela hurrengo hilabeteetan.

Iosu Aranzabal Abaitua

Mundukideko Kooperantea Brasilen

 

MUNDUKIDEren sare sozialetan esandakoak

  • O churrasco
  • Cooperativistas de MONDRAGON en cooperación con Mundukide
  • Voluntarios de LKS auditores colaboran en el proyecto de Marrupa
  • IV FOROKOOP 2010