MONTEPUEZ

Montepuezko biztanleen artean ere ortugintzako teknikak hobetzea da lehentasuna

Mundukide diruz lagundu

Buletinera HARPIDETU

Mundukide
Sare sozialetan

  • Mundukide: Youtube 
  • Mundukide: Facebook 
  • Mundukide: Flickr

Montepuez

Prestaketa luze baten ondoren, 2010. urtean Montepuez Programa martxan ipini da. 2010. urtea bertako hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlan akordioak sinatuz hasi zen.


Erakunde horiekin elkarlanean, Montepuezeko nekazari, profesional eta elkarteei euren lanean hobekuntzak egiten laguntzeko Hobekuntza Ekimenak izeneko katalogo bat prestatu eta ondoren ezagutzera eman zen. Horretarako irratian iragarkiak eman ziren eta batez ere Montepuez barrutiko herrietan barrena bilerak antolatu eta azalpenak eman ziren.

Ekimen horietan guztietan, oinarria bera zen:

  • Erakunde bakoitzak gai jakin batean asistentzia teknikoa eskaintzen zuen.
  • Nekazariek eta profesionalek edozein ekimenetan eman zezaketen izena.
  • Programak ordainduko zuen asistentziaren kostua, baina proposatutako hobekuntzetarako beharrezko inbertsioak egitea (tresnak, hazia, koadernoak…) parte-hartzaileen ardura izango zen; baita prestakuntzarako lekua, janaria eta nekazari prestatzaileentzako etxea prest izatea ere.

Lehen bilerak ez ziren errazak izan, hainbat lekutan dena (ahuntzak, haziak…) dohainik nahi zuten baina Mundukideren lan egiteko era ez da horrelakoa. Dena den, bizpahiru saiakeraren ondoren funtzionamendua ulertu eta onartu egin zuen jendeak.

2010ean honako Hobekuntza Ekimen hauetan parte hartzeko aukera egon da: baratzak sortu eta hobetu, ureztapen tradizionalerako errekak itxi eta kanalak ireki, ongarri eta intsektizida organikoak egin eta barazki haziak ekoitzi; Caju zuhaizti zaharren tratamendua eta zuhaizti berriak landatu; ahuntzentzako ukuiluen eraikuntza, oinarrizko albaitaritza eta elikagai prestatuak; denda txikientzako oinarrizko kontabilitatea; aroztegi teknika aurreratuak eta elkarteen barne funtzionamendua, ordezkaritza soziala eta taldekako salerosketak.


Montepuezeko biztanleen artean ere ortugintzako teknikak hobetzea lehentasuna.

Hala, martxan ipintzen lehenak ortugintzako ekimenak izan ziren. Nampula probintziatik lan horretan eskarmentua zuten 16 nekazari ekarri eta Montepuezko Nekazari Elkarteen Batasunaren koordinaziopean barrutiko 14 herritan sakabanatu ziren. Gogoz lan egin zuten eta nekazariei ortuak sortzen eta bertako hainbat teknika menperatzen lagundu zieten. Lana martxotik abuztura luzatu zen eta nekazariak oso gustura agertu ziren.

Ahuntz hazkuntzan laguntzeko ekimena apirilean hasi zen. Lanak txukun hasi baziren ere uztailetik aurrera okerrera egin zuten; asistentzia eman behar zuen albaitaria huts egiten hasi zen, ahuntz jabeek ez zituzten tratamenduak ordaintzen… 2011ko martxoan bukatu da lan hau eta hasitako 90 familietatik 40 inguruk korta berriak egin eta teknika berri batzuk ikasi dituzte, baina emaitza orokorra erdipurdikoa izan da.

Ondoren caju zuhaitz zaharren tratamenduarekin hasi ginen. Lan horretarako Chiureko caju ekoizleen elkarte bateko dozena erdi kide ekarri ziren. Baina ortu prestatzaileek ez bezala, elkarteko kideok oso lan kaxkarra egin zuten eta kontratua nahi baino lehenago amaitutzat eman behar izan zen.

Uztail inguruan merkatariei euren kontuak hobeki eramaten irakasteko plana hasi zen martxan. 100 bat lagun hasi ziren; gehienak 20 urte inguruko gazteak ziren, alfabetatuak eta umetatik merkataritzan ibiliak. Hiru eguneko prestakuntza izan zuten eta hurrengo bost hilabeteetan tarteka teknikariaren bisita eta laguntza jaso zuten. Azkenean 50 inguru izan ziren tarte horretan kontuak egiten aritu zirenak eta orokorrean pozik agertu ziren jasotako laguntzarekin.

Irailerako garbi geratu zen ez profesionalei ez elkarteei eskainitako ekimenek, ez zutela eskaririk. Inork ez zuen izena eman ez batean ez bestean.

Urte amaieran caju zuhaizti berriak sortzeko ekimena martxan ipini zen. Horretan Chiurekoekin eskarmentua hartuta, Nampulako nekazariak ekarri ziren eta lan bikaina egin zuten. 2011ko otsailerako 90 familiatik gora ziren zuhaitz berriak erosi eta landatu zituztenak.


Creative Commons-en baimena