Montepuez: fitxa teknikoa
Proiektuaren datu teknikoak
Kokapena
Kokapena
Mozambikeko Errepublika. Programa Montepuezko barrutian kokatua dago, ipar-ekialdean dagoen Cabo Delgado probintzian.
Montepuezko barrutia (17.789 km2 eta 185.635 biztanle) probintziako barrutirik handienetako bat da, hala biztanletan nola azaleran. Barrutiaren dimentsioak ikaragarriak badira ere (160 km-tik gora ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera), eremuaren bi herenetan ez da ia inor bizi eta ia biztanle guztiak hegoaldeko herenean bizi dira, Barruti Buruaren inguruan, 40 km inguruko erradio batean.
Herrialdeari / komunitateari buruzko datuak
- Biztanleak
- 21.900.000
- Azalera
- 799.380 km2
- Bizi itxaropena
- 47.8
- Haurren hilkortasun tasa (<5 urte)
- 142 (1000 haurren artean)
- Alfabetatze tasa
- %44.4
- Herrialdearen Barne Produktu Gordina (BPG)
- 17.100.000.000 USD
- Per capita BPG
- 802 USD
- Giza Garapenaren Indizea (GGI)
- 0,402 / 172. postua
- Iturria
- PNUD – GGI 2009
Helburu orokorra
Helburu orokorra
Montepuezko biztanleen bizi baldintza orokorrak hobetzen laguntzea, modu bidezko eta eusgarrian.
Montepuez inguruan, pobretasun absolutuaren fenomenoa hedakorra eta bizi-bizia da; pertsona gehienek jasaten dute modu batera edo bestera, larritasun handiz jasan ere.
Mundukide Fundazioak ez du errealitate hori goitik behera aldatzeko ahalmenik (demokrazia, nekazaritza, hezkuntza, GIB/HIES-a…), baina badu ahalmenik biztanleei lagunduz zailtasun horietako batzuk gainditzeko. Mundukideren ahalmenak, hala bere jatorriagatik nola 1999an sortu zenetik Marrupan eta beste leku batzuetan hartutako eskarmentuagatik, tokiko garapen ekonomikoan biltzen dira zehazki.
Era berean, Montepuezko biztanleentzat lehentasunezkoa da beren produkzio eta merkataritza jarduerak hobetzea, zeren eta baliabide ekonomikoak ugaritzea ezinbesteko baldintza baita elikadura, jantziak, etxeak, osasuna etab. hobetzeko.
Gainera, Montepuezko testuinguruak (lurra eta ura eskuragarri izatea, probintziako bigarren hiria izatea, prestakuntza zentroak egotea…) aukera interesgarriak eskaintzen ditu biztanleen bizi bitartekoak hobetzeko.
Berdintasuna aipatzen dugunean, esan nahi dugu Programak bilatzen duela biztanleen gehiengoak (eta ez gutxiengoak) bere bizi bitartekoak hobetzea. Gainera, helburua izango da azpitalde sozial guztiek (gazteak, nagusiak, gizonak, emakumeak, Barruti Buruko pertsonak, landa ingurunekoak etab.) parte hartzea, aldez edo moldez, hobekuntza horretan.
Eusgarritasunaz ari garenean, azpimarratu nahi dena da bilatzen dena dela pertsonek lortzen dituzten bizi bitartekoen hobekuntza iraunkorra izatea, datozen hamarkadetan ekoizten, saltzen etab. jarraitu ahal izateko, baliabide fisikoak agortuko ote diren beldurrik gabe, diru laguntzak onartzearen edo kentzearen mende egon barik etab .
Helburu espezifikoak
Helburu espezifikoak
Montepuezko barrutiko biztanleek tokiko garapen ekonomikoari laguntzeko duten ahalmena handitzea, modu bidezko eta iraunkorrean pobretasuna murrizteko eta gobernagarritasun demokratikorako lagungarriak izango diren baliabide ekonomikoak (elikagaiak, ondasunak, diru sarrerak etab.) eta gaitasunak sortzeko.
Baliabide gehiago izatea, pobretasun absolututik irteteko behar diren gauza ugarien arteko bat baino ez da. Hainbat arrazoi tarteko, Programak arlo horretara bideratuko du bere ahalegina. Programaren bidez nahi dena da pertsonek baliabide gehiago izatea (dirua, elikagaiak…) hobeto bizitzeko (hobeto elikatu, osasun eta hezkuntza gastuak ordaindu, etxeak hobetu…).
Programaren gogoetagaiaren erdigunean pertsonak daude. Lan guztia honetara bideratua dago: pertsonek benetako aukerak izatea hobeto bizitzeko behar dituzten baliabideak lortzeko. Eta pertsonek beren bizi bitartekoak hobe ditzaten, nahitaez eduki behar dituzte barne gaitasunak (esaterako, ureztatzeko teknikak zeintzuk diren jakitea…) eta gaitasun horiek erabili ahal izateko testuingurua (esaterako, kreditua eskuratzeko aukera, sargaiak eskuragarri izatea, soberakinak saltzeko merkataritza sarea…).
Onuradunak
Onuradunak
Hasiera urtea
2009
Bazkideak eta onuradunak
Marrupa eta Majuneko Programetan legez, Mundukidek barrutiko biztanle guztiekin dihardu lanean. Baina aipatutako programa horiekin konparatuz gero, Montepuezko programak badu alde bat: lana tokiko entitateekin batera egiten da, barrutian, garapen maila handiagoa izaki, halakoak badaude eta.
Zuzenean onuradun den biztanleria Montepuezko barrutiko 810 familiak (631 ♂ eta 179 ♀) osatzen dute. Pertsona horiek hainbat jarduera ekonomikotan ari dira (nekazariak, merkatariak, zurginak) eta Mikro Eragile Ekonomiko deitzen zaie. Familia unitatearen tamaina 4,75 inguru dela jotzen badugu (2003an PAMA-k egindako azterketa baten arabera), onuradun pertsonen kopurua 3.800 da gutxi gorabehera.
Kontrapartidako erakundeak
Proiektua betearazten duten erakundeak:
Fundação Mundukide
Proiektuaz Arduratzen diren erakundeak:
Nekazaritza Ministerioa
Proiektua betearazteko jardunean kide diren erakundeak:
Mundukidek tokiko beste entitate parte hartzaile batzuekin dihardu lanean proiektua Montepuezen inplementatzeko.
Unión Nacional de Asociaciones de Campesinos (UNAC) / Unión Provincial de Cabo Delgado (UPC).
UNAC Mozambikeko familia sektoreko nekazarien mugimendua da. Nekazaritza eta abelazkuntzako ekoizleek osatzen dute eta elkarte, kooperatiba eta elkarri laguntzeko taldetan antolatuta daude.
Asociación para el Desarrollo Agropecuario del Sector Familiar (ADAP-SF).
ADAP-SF 2001ean eratutako tokiko GKE bat da eta baditu estatutuak, barne araudi bat eta plan estrategiko bat. Haren misioa garapen sozio-ekonomikoa eta natur baliabideen erabilera iraunkorra sustatzea da, landa inguruneko ekoizleen bizi kalitatea hobetzeko.
Instituto Nacional del Anacardo (INCAJU).
Mozambikeko gobernuak 1997an sortu zuen INCAJU (Instituto Nacional do Caju). Institutua Nekazaritza Ministerioaren menpe dago eta helburu hauek ditu:
- Anakardo arbolen landaketa sustatzea (anakardoa = caju)
- Anakardoaren eta eratorrien industria sustatzea.
Manunu na Mamwenhe Lamucani (MML).
MML tokiko mikro kredituen operadore bat da, 2008an eratu zena. Haren misioa da merkatari txikiak eta enpresaburuak gaitzea, batetik, kreditu talde solidarioei buruzko prestakuntzan eta, bestetik, negozioen sorkuntzari buruzko prestakuntzan. Horretarako, mikro kredituak eta merkatari nahiz enpresaburuei zuzendutako negozio txikien oinarrizko kudeaketari buruzko gaikuntzak eskaintzen ditu. MML-ren eta Mundukideren arteko lankidetza, beraz, negozioen kudeaketari buruzko gaikuntzetan zentratuko da, Montepuezko merkatari txikiei nahiz enpresaburuei zuzenduta.
Azalpen laburra
Azalpen laburra
Mundukidek Mozambiken egiten duen lanaren jatorria fundazioaren sorburuan bertan dago. Sortu zenetik, Fundazioak kalitatezko lankidetza konprometituaren aldeko apustu sendoa egitea bilatzen zuen.
Ideia horrekin eta lan handia egin ondoren, Marrupa Programa inplementatzen hasi zen 2002an.
Hainbat urteko lanaren ondoren, eta emaitzak onak izaten ari zirela ikusita, 2006. urte hasieran Mundukide Fundazioak Mozambiken bigarren programa bati ekitea erabaki zuen. Urte beraren bukaeran, eta hainbat aukera aztertu eta gero, ondorio hau atera zen: bigarren programak ahalik eta gehien aprobetxatu behar zuen Marrupan lan handia egin ostean irabazitako esperientzia. Horretarako, komeni zen
- antzeko ingurune batean kokatzea, hau da, herrialdearen iparraldeko eskualde batean,
- gai berberak lantzea (nekazaritza, azpiegiturak eta tokiko enpresak) eta
- antzeko esparru kontzeptual baten barruan lan egitea (biztanleen gaitasunak sustatzea bizi baldintzak hobetzea ahalbidetuko zien jarduera ekonomikoa garatu ahal izateko, betiere modu bidezko eta iraunkorrean eta elkartze kooperatiboa azpimarratuz).
Aurrekari horiekin, 2007aren erdialdean akordio bat adostu zen AECID-ekin identifikazio lan arretatsu bat finantzatzeko Cabo Delgadoko probintzian. Lan hori 2008aren hastapenetan hasi eta 2009ko martxora arte luzatu zen. Lan zorrotz hartan probintziaren egoera orokorra aztertu zen eta Montepuezko barrutia aukeratu zen, egokiena zelakoan.
2009ko martxotik hainbat lan dago martxan. Baratzeak sortu eta hobetzeko, ureztatze sistemak, kanalizazioak, ongarriak eta intsektizida ekologikoak. Bertako hazien ekoizpena, anakardo arbola zaharren tratamendua eta arbola berrien landaketa. Ukuiluak eraikitzea, albaitaritzako oinarrizko ezagutzak eta jasotako antxumeentzako janari prestakinak. Oinarrizko kontabilitatea denda txikietarako eta zurgintzako teknika espezializatuak. Elkarteen barne funtzionamendua eta baita ordezkaritza soziala eta erosketa komunitarioak ere.
Blogak
Albisteak
- Mundukide DEVinfo web orrialdean!
- 18 lider etorri dira Latino-ameriketatik Masterrera
- Agro-ekologiarantz bidea
- Ana H. Borbolla
- Lankidetza
- Azken berriak dakartza 25. buletinak
- 2011ko lorpenak eta erronkak
- Mundukideko langileak eta boluntarioak egun batez batera Arrasaten
- Urteko topaketa nagusia
- Denon onerako ekonomia- videoa



