Marrupa
Batzuetan, eguneroko martxan murgilduta gaudelarik, nekez ohartzen gara egindako lanak izandako eraginaz...
Marrupa
LANKIDETZA KOOPERATIBOAK AURRERA EGITEN LAGUNTZEN DU, BAI HORIXE
Marrupako biztanleek barrutia garatzen ari dela nabaritzen dute. Eta barrutiaren garapen horretan Mundukideren Marrupa Programa katalizatzailea izan da bi oinarrizko esparrutan. Alde batetik, nekazaritzan egindako lanak aukera eman die Marrupako familiei askotariko janariak, kantitate handiagoak eta duela gutxira arte nekazaritza ekoizpenik egoten ez zen urteko aro batzuetan ere produzitzeko. Elikagaiak ekoizteko aukera berri horiek, elikagaien eskasia eta goseteak izateko aukerak (horri dagokionez, 2003 eta 2005. urteak urte kritikoak izan ziren) txikitzeaz gain, diru sarrerak lortzeko bide ere bilakatzen hasi dira. Nekazaritzako sustapenak izandako eraginaren erakusgarri bat tipularen ekoizpena izan da. Marrupa pasatu da produkzio ezdeusa izatetik eta merkatua modu kronikoan hornikuntza gabe edukitzetik, tokiko merkaturako bakarrik ez, produkzioaren zati bat mugakide diren barrutietara ere esportatzera.
Bestetik, aurten Programak bukatutzat jo du barrutiko landa errepideen sarea osatzeko lanean izandako partaidetza. Egindako errepidea 200 km-tik gorakoa izaki, 132 km Programaren bidez egin dira eta programaren finantzaketa oso handia izan da. Alde batetik, Programaren funtsezko ekarpena izan zen Marruparen errealitateari eta beharrei erantzuten zien errepide sare baten hasierako burutapena egitea. Bestetik, errepide sarea egiten zen bitartean, tokiko ekintzaileen protagonismoa erabatekoa izan zen.
MARRUPAKO ENPRESEK, NAHIKOA LAN…
Aurten ere, enpresa arloan ez da garapen handirik nabarmendu. Enpresetan ez da aldaketarik izan, eta aurreko urteetako bi enpresa beteranoek beraien aktibitatearekin jarraitzen dute. ECOMAR eraikuntza arlokoa da eta OVALAk 2 errota zerbitzu ematen du eta ahuntz hazkuntzan ari da. Bien artean 15 langile dituzte. ECOMAR eraikuntza enpresak bideragarritasun arazo handiekin jarraitzen du.
BEREN NEGOZIOA HOBETO ERAMATEKO EGIN DUTE IKASTAROA
Jarduera ekonomikoren bat duten pertsonekin egin den prestakuntza lana atsegina eta baliotsua izan dela esan daiteke. Nekazaritzako produktuak ekoizten eta saltzen dituzten gazteak, etxeak eraikitzeko blokeak egiten dituztenak, tabernatxoa dutenak eta antzerako ekimen ekonomikoetan ari den jendea izan da kurtsoan interesa azaldu duena. Guztira 23 (1♀) pertsona. Iaz ere, beste 29 pertsonako taldea prestatu zen eta taldeko pertsonekin elkarrizketak egiten dira, sortzen zaien beste behar batzuei erantzuteko asmoarekin.
Gobernuko Funtzionarioak ere prestakuntza saioetan Barrutiko 8 funtzionario prestatu dira tokiko garapen fondoen erabilpen eta kudeaketan. Horretaz gain, kurtso bat antolatu da fondo horien onuradunentzat, non 19 pertsonak parte hartu baitu. (2 ♀).
ERREPIDE BERRIEK BIZIMODU BERRIA EKARRI DUTE
Bukatutzat eman den errepide sare berriak onurak besterik ez die ekarri bertako biztanleei. Nekazaritzako produktuen salmenta 4 bider handiagoa da eta familientzat diru iturri inportanteena bihurtu da. Eskolan izen emateak ugaritu egin dira eta osasun zentroan bisita gehiago dago. Merkataritza gune berriak eta enpresa txikiren bat ere sortu dira inguruetan.
KREDITU SISTEMA MARRUPAN OSO GARRANTSITUA DA
Diru kredituak oso baliagarriak dira Marrupako nekazarientzat beste edozein lekutan bezala. Beharrezkoa dugun zerbait egiteko ez garenean diruz heltzen gure gizartean ere mailegua eskatzen dugu eta helburuekin aurrera jarraitzeko aukera ematen digu.
Marrupan ere horrela gertatzen da; kredituak ez dituzte eskatzen etxea erosteko, beraiek egiten baitute inguruko materialekin, ez eta autoa erosteko, baina diru aurreratua behar izaten dute, familiaren bizi baldintzari eusteko. Urteko nekazal kanpainan zehar behar dituzten haziak, landareak, erremintak eta abereak erosteko edo eta lur-zati handietan lan egiteko jendeari ordaintzeko.
Beraz, ondo gestionatuz gero, jasotako kredituari esker bideratutako ekimenak baldintzatuko du urtean zehar 4-5 lagunez osatutako familiak gosea pasatuko duen edo ez, eguneroko dieta osatuagoa izan edo ez, edo eta herriko merkatuan produktuak salduz, familiarako diru sarrerak hobetuko dituzten edo ez.
Urtero Mundukidek egiten duen apostua, Mondragon Taldeko Kooperatibek, Jaurlaritzak eta bereziki Euskadiko Kutxak eta Euskal Herriko hainbat pertsona konprometituk ere babesten dute ekintza hau.
Mundukide sei urtez geroztik ari da Marrupako nekazal familiei Mikrokredito Sistema eskaintzen.
Kredituak azaroan eta abenduan ematen dira, eurite garaiaren hasieran hain zuzen ere. Nekazariek pertsonak kontratatu behar izaten baitituzte, ondoren lurrak preparatu eta ereiteko prest uzteko eta horretarako dirua behar dute.
Kreditu bezala utzitako diruari esker, produkzioa eta errenta handitzen dute, hazi eta landare gehiago erosteko aukera emateaz gain, lanerako erreminta egokiak erosteko aukera izaten baitute..
Urtero 400 familiak hartzen du parte kreditu sistema honetan eta pertsonako 20 eta 140 euro inguru banatzen dira . Urtean Mundukidek 20.000 euro banatzen ditu eta %90ak inguru egoki egiten dute diru itzulera. Marruparrek asko eta egoki baloratzen dute kreditu sistema, eta begi-bistakoa da dagoen konpromisoa eta parte hartzeko interesa gero eta altuagoa dela.







