Mundukide diruz lagundu

Buletinera HARPIDETU

Mundukide
Sare sozialetan

  • Youtube 
  • Facebook 
  • Flickr

Majune: fitxa teknikoa

Proiektuaren datu teknikoak

Kokapena

Kokapena

Mozambikeko Errepublika. Programa Majuneko barrutian kokatua dago, ipar-mendebaldean dagoen Niassako probintzian.

Majuneko Barrutia Lichingatik 150 km-ra eta Maputo hiriburutik 2.000 km-ra dago. 11.358 km2 (Belgikaren erdiak baino gehiago) eta 29.702 biztanle dauka. Niassa kontuan hartzen badugu, tamaina handiko eta biztanle kopuru txiki xamarreko barrutia da. Barrutiaren dimentsioak ikaragarriak badira ere (160 km-tik gora ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera), zatirik handienean ez da ia inor bizi eta biztanle gehienak Barruti Buruaren inguruan, 30 km-ko erradio batean, biltzen dira.

Herrialdeari / komunitateari buruzko datuak

Biztanleak
21.900.000
Azalera
799.380 km2
Bizi itxaropena
47.8
Haurren hilkortasun tasa (<5 urte)
142 (1000 haurren artean)
Alfabetatze tasa
%44.4
Herrialdearen Barne Produktu Gordina (BPG)
17.100.000.000 USD
Per capita BPG
802 USD
Giza Garapenaren Indizea (GGI)
0,402 / 172. postua
Iturria
PNUD – GGI 2009

Helburu orokorra

Helburu orokorra

Majuneko biztanleen bizi baldintza orokorrak hobetzen laguntzea, modu bidezko eta iraunkorrean.

  • Majunen, pobretasun absolutua oso zabaldurik dago eta bizi-bizia da: biztanle gehien-gehienek pairatzen dute modu desberdinean eta ankerki (osasuna, hezkuntza, abusuen aurrean ahultasuna, aukera eta askatasun falta etab.)
  • Helburu barruan berdintasuna sartuta, hauxe jarri nahi da agerian: Programak bilatzen duena dela zeharkako gehiengo batek bere bizi bitartekoak hobetzea. Hau da, onuradunak ez daitezela soilik pertsona gutxi batzuk, edo mota jakin bateko pertsona batzuk izan (gizonak, kristauak, Barruti Buruan bizi direnak, posizio ekonomiko hobetxoan daudenak…). Ahalegina egingo da pertsona kopuru handi bat izateko onuraduna eta pertsona horien artean bi sexuetako jendea egoteko, barrutiko zonalde guztietakoak, adin, alderdi politiko, erlijio eta egoera ekonomiko orotakoak…
  • Gainera, lortzen den helburua iraunkorra izatea bilatuko da, halako moldez non biztanleek beren bizi bitartekoetan eskuratutako hobekuntzek luzaroan iraungo duten, hau da, datozen hamarkadetan ekoizten, merkaturatzen etab. jarrai dezaten. Horretarako, ahalegina egingo da a) behin finkatu ondoren, beren produkzio eta merkataritza jarduera ez dadin programaren jarraipenaren mende egon, b) aipatutako jarduerak ez dezan bere oinarri fisikoa erosionatu (lurzoruen emankortasuna…), c) kanpo faktore instituzionalen aurrean ahultasuna minimizatzeko (ez egotea merkaturatzaile gutxi batzuen mende, ez egotea diru laguntzen mende…).

Helburu espezifikoak

Helburu espezifikoak

Majuneko biztanleek eskuragarriago dituzte baliabide ekonomikoak (elikagaiak, dirua…).

Beste helburu batzuen artean, hauxe lortu nahi da:

  • Majuneko nekazariek (♂ eta ♀) hobera egiteko ekintzetan parte hartu dute (gaitasun teknikoa, sargaiak eta finantzaketa) eta nekazaritza nahiz abelazkuntzako ekoizpen errentagarri, dibertsifikatu eta iraunkorra bultzatzeko ahalmenean hobetu egin dute.
  • Majuneko biztanleek hirugarren mailako kalitatezko errepide sare bat edukitzea, biztanleon %80ri zerbitzu emateko.

Onuradunak

Onuradunak

Hasiera urtea

2010

Bazkideak eta onuradunak

Barrutiko 29.702 biztanleen artean ahalik eta pertsona gehien parte hartzea sustatzen da. Lehen fasean egonik, espero izatekoa da hasieran ez dela interesdun asko hurbilduko. Espero izatekoa da, baita ere, lehen parte hartzaileek emaitza positiboak eduki ahala interesdun gehiago hurbiltzea.

Beharra izan zen Majune aukeratzeko funtsezko irizpideetako bat. Izan ere, isolatutako probintzia bateko barruti pobre bat da, Giza Garapeneko Indizean azken 10 herrialdeen artean eta giza garapenerako gabezia handieneko kontinentean dagoena.

Testuinguru horretan, Programak aukerak eskaini nahi dizkie barrutiko zonaldeei. Barruti osoa hartzen ez bada ere, lantzen ari den zonaldeak biztanleen %80 baino gehiago hartzen du.

Gainera, programak hainbat laborantza mota eta teknika sustatzeko lanean dihardu, joera, trebetasun eta egoera pertsonal askotako pertsonek beren ezaugarriei egokitutako aukera bat aurki dezaten: antxumeak animaliekin lan egitea gustuko duten pertsonentzat eta barazkigintza nekazaritza gustatzen zaienentzat; baratzeak errekatxoen ondoan bizi direnentzat eta arroza urtegien inguruan bizi direnentzat; arroza familian lan indar handia eskuragarri dutenentzat eta antxumeak indar gutxiago erabil dezaketenentzat etab.

Programak emakumeen parte hartzea ere sustatzen du.

Kontrapartidako erakunde nazionalak

Proiektua betearazten duten erakundeak:

Fundação Mundukide

Proiektuaz Arduratzen diren erakundeak:

Nekazaritza Ministerioa

Proiektua betearazteko jardunean kide diren erakundeak:

AMODER (Asociación Mozambicana de Desarrollo Rural – Mozambikeko Landa Garapenerako Elkartea)

Azalpen laburra

Azalpen laburra

Mundukide 2000. urtetik ari da Garapen Sozioekonomikorako Barruti Programa batean lanean Marrupako barrutian (Niassako probintzian, Mozambiken). Marrupa Programaren helburu orokorra hauxe da: pobretasun absolutuaren aurkako borroka nazionalari bere ekarpena egitea, Pobretasun Absolutua Murrizteko Ekintza Planari (PARPA) jarraituz, landa inguruneko biztanleen diru sarrerak modu iraunkor eta bidezkoan handituz eta tokiko garapen ekonomikoa sustatuz. Hona hemen programaren jarduketa ardatz nagusiak:

  • Produkzio azpiegiturak eraikitzea
  • Familia nekazaritza dinamizatzea eta
  • Tokiko enpresa kooperatiboak sustatzea. Hori guztia helburu honekin egiten da: pertsonek beren egoera hobetzeko benetako gaitasuna izatea, hau da, bizitza duin bat izateko behar dena ekoizteko ezagutzak, ohiturak, portaerak, tresnak, bitartekoak eta testuingurua edukitzea. Mundukidek apustu sendoa egin du, izan ere, 3.000.000 euro inguru inbertitu du aipatutako programan. Lortutako emaitzek (150 km-tik gora errepide egin da landa inguruneetan, 500 parte hartzaile baino gehiago sartu da nekazaritzako kreditu sisteman, baratze produkzioari ekin zaio, kooperatiba enpresa txikiak sortu dira…) tokiko biztanleen, gobernuko estamentuen (barrutikoak eta probintziakoak) eta Eusko Jaurlaritzaren –programa finantzatu baitu– oniritzia merezi izan dute. Leku bakoitzean talde propio iraunkor bat edukitzeari eta etengabeko ebaluazio jardunean aritzeari esker, ingurunea sakon ezagutzen dugu (ezagutza soziala, geografikoa, kulturala, ekonomikoa, instituzionala…) eta hori guztia ikasbidea izan da estrategia eta praktika gutxi-asko arrakastatsuei dagokienez.

2006. urtean, Marrupa Programak dezenteko ibilbidea egina zuela eta Mundukideren barne gaitasunak sendotuta zeudela iritzita, eta ikusita Mozambikeko eragileek Mundukideri eskatu ziotela bere egitekoa herrialdean zabaltzeko, bada hori guztia kontuan hartuta, Mundukidek erabaki zuen Mozambiken bigarren Programa bati ekitea. Urte oso batean kontaktuak izan ondoren, 2007an ondoan kokatutako Cabo Delgadoko probintzian lan egiteko hautua egin zen, Marrupako esperientzia ahalik eta gehien aprobetxatzeko asmoz. 2008aren hasieran identifikazio prozesu bati ekin zitzaion eta probintziaren egoerari buruzko azterketa zorrotz bat egin ostean, ondorioztatu zen Montepuez zela barrutirik egokiena Garapen Sozioekonomikorako Barruti Programa bat hasteko. 2008ko irailean barrutiari buruzko azterketa egiten hasi zen. Hurrengo hiletan, nekazaritza jarduerari (ekoitzitako produktuak, erabilitako teknikak, elkarteen presentzia, merkaturatzeko zirkuituak…), merkataritza jarduerari (denden kopurua eta tipologia, nekazaritzako merkataritza enpresak…) eta industria jarduerari (aroztegiak, mekanika etab.) buruzko azterketa xehatuak egin ziren. Era berean, produkzio azpiegituren (ureztatzeko presa txikiak) eta garraio egituren (hirugarren mailako errepideak) egoera aztertu zen. Hona hemen beste interesgune batzuk: produkzio egitura babesteko erakundeak, mikro kreditu programekin funtzionatzen zuten erakundeak, elkarteetan prestakuntza babesten edo nekazaritzan laguntza teknikoa ematen zuten tokiko guneak etab. Informazio horrekin, Montepuezerako epe ertainerako Programa bat egin zen. Prestaketa fase baten ondoren, jarduerak 2009. urte bukaeran hasi ziren. 2010. urtearen hasieran Programa erritmo onean zihoan eta ondo aurreratua zegoen, 300etik gora nekazari, merkatari eta artisauren partaidetzarekin.

2008. urtean, Niassako probintziako gobernuak bisita egin zuen Mundukide Fundaziora. Ondo aprobetxatutako lan egunak izan ziren, non elkarren behar eta gaitasunetan sakondu baitzen. Topaketa hartan Niassako gobernuak eskaria egin zuen Marrupako lana Niassako beste barrutiren batera zabaltzeko, emaitzak oso positiboak izaten ari zirela eta. Hala, behin Montepuezko Programa abiarazita, Mundukidek Marrupako lana zabaltzeko aukerak aztertzeari ekin zion. 2009an identifikazioa egiteko behar ziren funtsak lortu ziren eta, atariko kontaktu batzuk egin ondoren, azkenean 2010eko lehen hiruhilekoan bukatu zen. Probintzia osoa aztertu zen eta barruti guztietako datuak jaso ziren. Barruti batzuk bisitatu ere egin ziren. Nekazaritzako Probintzia Zuzendaritzarekiko lankidetza oso ona izan zen uneoro. Identifikazio lanean, hauxe zen bilatzen zena: beharraren (esaterako, ez dauka zentzurik erakunde asko barruti bakar batean pilatzeak beste barruti batzuetan inor ez dagoenean) eta aukeraren (batez ere garapen sozioekonomikoaz ari garenean, bestelako produkzio edo merkaturatzeren bat egiteko aukera egon behar da derrigorrez, ahalegina ez dadin alperrekoa izan) arteko oreka ona izango zuen barruti bat. Azken 8 urteotan Marrupak izan duen eraldaketa handia bizi izana lagungarria izan zen barruti bakoitzaren behartasun egoera eta potentzialtasuna hobeto ebaluatzeko. Azkenean, Nekazaritzako Probintzia Zuzendaritzarekin bat etorrita, Majuneko barrutia hautatu zen, azken hamarkadan oso laguntza gutxi jaso baitu (eta hori igarri egiten da barrutian, hainbat aspektutan atzean gelditu baita probintziako beste barruti batzuen aldean) eta bere kokapena eta baliabideak direla-eta, oinarri interesgarria eskaintzen duelako familia nekazaritza garatu eta dibertsifikatu ahal izateko. Hala, barrutiari buruzko aurretiko azterketa bat egin zen barrutiko administrazioarekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan; gero epe ertainerako (8 urte) lan esparru bat zehaztu zen eta, azkenik, datozen 2 urteetarako laneko plan bat xehatu zen, hemen aurkezten duguna, hain zuzen.

Datozen 8 urteetarako esparru estrategikoaren barruan, hiru fase bereiz daitezke:

Lehen fasea (2 urte)

Fase honetan, lehenik eta behin programa instalatu egin beharko da, hau da, langileak kontratatu eta integratu egin beharko dira; bulegoa eta etxeak errentan hartu, konpondu eta altzariz jantzi; ibilgailuak eskuratu; energia sistema bat (Majunen ez dago elektrizitaterik) eta komunikazio sistema bat (oraindik ez dago ez telefonorik ez Internetik) eskuratu eta instalatu. Halaber, lan, ogasun eta bestelako zuzendaritzetan egin beharreko izapideak zertu beharko dira.

Sustapenei ekiteko, arroz, barazki eta antxumeekin hasiko gara, praktika eta eskarmentu handiena dugun arloak direlako eta, aldi berean, nekazarien artean interes handia pizten dutelako.

Kredituarekin ere hasiko gara. Fase honetan kreditua hedatzea (pertsona askok parte hartzea) ez da horren inportantea izango; bai ordea kreditu sistema bat sortzea konfiantzazko eta seriotasunezko giro batean (itzulketa maila onarekin etab.).

Gainera, errepide sareari buruzko aurretiko azterketak eta zehaztapena egingo dira.

Lehen fase honen bukaeran, barne ebaluazio bat egingo da ikuspegi orokorra baliagarria den ala ez aztertzeko eta erabilitako lan metodologiak berraztertzeko. Ebaluazio horren emaitza bigarren fasea diseinatzeko input nagusia izango da. Fase hori, seguruenik, gutxi-asko aldatuko da hasiera batean planifikatutakoarekiko.

Bigarren fasea (4 urte)

Fase honetan, ahalegin nagusia bai kreditua bai sustapenak zabaltzera bideratuko da, zonalde, pertsona, laborantza eta teknika gehiago hartuz.

Aldi berean, errepide gehienak aldi honetan eraikiko dira.

Fase honen amaieran ere azken ebaluazioa egingo da (kasu honetan, kanpokoa). Oraingoan, interes nagusia egindako lanaren eragina ebaluatzea izango da. Ebaluazioaren emaitzetatik, programa bukatzea edo inpaktua handitzeko fase berri batekin luzatzea komeni ote den ondorioztatuko da.

Hirugarren fasea (2 urte)

Programa amaitzea erabakitzen bada, hirugarren fase honen helburua izango da programaren lan ildoak progresiboki itxiaz joatea eta familiaren produkzio sektorean lortutako hobekuntzek jarraipena izango dutela bermatzea.

Behin programak 2 urte betetzen duenean, azken ebaluazioa egingo da eta bereziki azpimarratuko da programan zehar lortutako hobekuntzek jarraipena izan behar dutela eta iraunkorrak izan behar dutela.

Partekatu / Compartir
  • Facebook
  • Twitter
  • RSS
Creative Commons-en baimena