ZEHAR LERROAK
Gizon eta emakumeen arteko parekotsuna eta iraunkortasuna dira ekintza guztietan kontutan hartzen diren arloak
Zehar lerroak
Gure zereginean zeharkako ardatzak txertatuz
Egiten dugun lankidetza lana garapen sozioekonomikoa sustatzean datza; hala, gure jarduketak eskualdeen eta gurekin lanean diharduten taldeen ekonomia soziala sustatzean zentratzen dira. Dena den, garapenean hainbat osagai elkarren mende daudela jakinda, lanerako zeharkako ardatz gisa giltzarritzat eta lehenetsi beharrekotzat jotzen ditugun osagai horietako batzuk hartuko ditugu kontuan:
Gure analisi, jarduketa eta ebaluazioetan genero ikuspegia txertatuz.
Eredu patriarkala nagusi den mundu batean bizi garela baieztatzetik abiatzen gara. Eredu horrek emakumeen gaitasunak eta eskubideak mugatzen ditu eta ezaugarri hauek dauzka: ez du bidezkotasunik bultzatzen eta desberdintasunak sortu eta birsortzen ditu, edozein gizartez ari garela ere. Genero berdintasunaren aldeko lanak bilatzen duena da desberdintasun horiek gainditzea eta gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna bizitzako esparru guztietan lortzea.
Gure ustez, Mundukideren lanak ezin du saihestu erronka hori, izan ere, ezin da komunitate baten bidezko garapenaz berba egin genero berdintasunik ez badago. Garapenaren alde egiten dugun lanak desberdintasunak sortzen dituzten egiturak deuseztatzea bilatu behar du, kontuan izanik desberdintasun horien artean oinarri-oinarrizkoak direla generoari dagozkionak.
Gure iritziz, generoaren gaia normalean espazio publikoan izaten diren produkzio jardueretan -esparru sozioekonomikoan- lantzeak badu zailtasun erantsi bat, baina horrexegatik hain zuzen ere, are eta presenteago izango dugu hori eta gure jardueren bidez ekarpena egingo diogu genero berdintasunari.
Ingurumena, gizarte-ekonomia eta kultur-identitate ikuspegitik ulertuta.
Ingurumen ikuspegia: nazioartean adostasuna dago esateko egungo eredu ekonomikoari ezin zaiola denboran mugarik gabe eutsi eta are gutxiago eredu hori herrialde pobretuetara zabaldu. Bistan dago, gainera, egungo sistema ekonomiko globala eta oreka ekologikoa bateraezinak direla. Krisi ekologikoa Ipar-Hego erlazioen barruan aztertuz gero, onartzen dugu krisi ekologiko globalaren funtsezko erantzulea Iparra dela, beraz, lehentasunezkoa da batez ere Iparrean jardutea.
Gure lanean, iraunkorrak ez diren garapen eskemak birsortzea ekiditeko, ahaleginduko gara gure jarduketek ahalik eta ingurumen inpakturik txikiena izan dezaten, eta horretarako ingurumena babestu eta tokiko baliabideak modu iraunkorrean kudeatuko ditugu; hau da, sustatuko ditugun jarduketek eskualdeko ingurumen eta ekologia iraunkortasuna bermatuko dute.
Gizarte-ekonomia ikuspegia: bilatzen dugun garapenak iraunkorra izan behar du, baita ekonomian ere. Gure ustez, autonomia ekonomikoak funtsezko eragina du independentzian; hautatzeko aukerak sortzen dira, ahalmenak sortzen dira…
Ekonomia ez dugu ulertzen osagai sozialetik bananduta. Aberastasunaren sorkuntzak bidezkoa izan behar du horretan laguntzen duten guztien artean banatzeko, bakoitzak jartzen duen lanaren balioa kontuan hartuz.
Uste dugu iraunkortasun ekonomikoa eta soziala banaezinak direla garapen iraunkorrerako eta gure printzipioekin bat etortzeko.
Sustatzen diren jarduketa guztietan, jarduketon bideragarritasuna aztertu, zaindu eta bilatuko da epe ertain eta luzera. Horrek ez du esan nahi jarduera guztiek errentagarriak edo autoiraunkorrak izan behar dutenik, baizik eta jardueron epe luzerako finantzaketa ziurtatu behar dela; lehentasunezko mekanismoa autoiraunkortasuna izango da, baina hori ezin izango da lortu jarduera batzuetan, diren modukoak direlako edo daukaten konfigurazioa dela eta (esate baterako, prestakuntza ikastaroak edo nekazariei zuzendutako laguntza teknikoa).
Kultur-identitate ikuspegia: identitatea garatzeko prozesuak eta garapen sozioekonomikorako prozesuak paraleloak dira. Identitate aspektuak sendotzen laguntzen duten ekintzek egitura soziala sendotzen lagunduko dute eta horrek, aldi berean, kapital soziala indartzen lagunduko du, izan ere, kapital soziala da oinarri nagusietako bat garapen sozioekonomikorako prozesuan.
Sustatuko diren esku hartzeak, beraz, gurekin lanean diharduten komunitateen ohitura, usadio, mekanismo eta dinamika tradizionaletan oinarrituz eta horiek errespetatuz gauzatuko dira.
Zeharkako bi ardatz horiek generikoki zehaztuta daude Mundukidek bultzatzen dituen programa eta proiektu guztietarako. Programa bakoitzean eta une bakoitzean ebaluatu egin beharko dira hasierako egoera, helburu espezifikoak, aspektu horiek helburuetan nola eragiten duten, eragiteko ahalmena zenbaterainokoa den, eta horren ondorioz erabaki.
Gure aldetik, argitu beharra dago gure jarduketa nagusia, lehentasunezko helburua, esparru sozioekonomikoan garapena lortzea izango dela. Zehaztutako zeharkako ardatzak programetako fase eta jarduera guztietan hartuko dira kontuan baina, zeharkakoak izaki, horietan jarri beharreko dedikazioa eta egin beharreko inbertsioa helburu nagusian egin beharreko inbertsioaren araberakoak izango dira.
Lehenago aipatu dugun legez, zeharkako ardatzetan egin beharreko esku hartzea programan planteatzen diren egoera, behar eta helburuetara egokituko da eta aipatutako ardatz horietarako erabiltzeko eta esleitzeko moduko baliabideen arabera planifikatu eta doituko da. Programa bakoitzeko lantalde bakoitzak plan estrategikoetan eta urteko planetan egin beharko esku hartzeak aztertu eta erabakiko ditu.
Nolanahi ere, horiek kontuan hartu eta lantzen direla bermatzeko neurri gisa, jarraipen eta ebaluazio estrategikoa egingo da, zeharkako ardatz horiek kontuan hartuko dituzten adierazleekin.







