Nortzuk gara
LANKIDETZA KOOPERATIBOA
Mundukide Fundazioa 1999. urtean sortu zen, kooperatibetan makina bat urtetan lanean aritu eta bailarako GGKEetan parte hartzen zuten hainbat pertsonek bultzatuta. Mondragon Taldeari ideia aurkeztu ondoren, neurri batean erakundearen babesa jaso zuten.
Kooperazioan lanean aritu nahi zuten, baina ordurarte kooperazio arloan erabiltzen ziren ereduetatik desberdinduko zituen elementu baten bila zebiltzala, erantzuna beraien “esperientzia kooperatiboa” zela konturatu ziren.
Momentu honetan fundazioak bi lan ildo nagusitan egiten du lan:
Alde batetik Mozanbiken, garapen sozioekonomikorako programak bultzatzen ditu, garapen txikiagoko herrialdea izanik, enpresa sozialak, nekazal garapena eta azpiegitura basikoak bultzatzen ditu. Beti antolakuntza eta eredu kooperatiboa erreferente izanda.
Bestalde, eredu kooperatiboarekin ideologikoki afinitatea duten sendotutako talde eta erakundeen eskaerei erantzunez, prestakuntza programak, laguntza teknikoa eta erakundea bera indartzeko formazio programak antolatzen dira; Mondragon esperientziaren ezaugarriekin bat egiten baitute eta erabilgarria izan daitekeelako beraientzako ere. Kooperazio mota hau Brasil, Kuba eta Perun egiten delarik.
Mundukide

Enara Ruiz de Egino
Kooperatibekin harremanetarako arduraduna
“ Mundukidek hasieratik izan du esperientzia kooperatiboaren inguruan ari diren eragile ezberdinen ezagutza, esperientzia eta baliabideak batzeko ardura, hegoaldeko herriekin konpartitzeko. Sarri kosta egiten zaigu gure kooperatibetan eta orokorrean gizartean interesa sortu eta atxikimenduak lortzea. Lanak merezi du ordea, Mundukideren proiektuetan daude emaitzak!”.
Bolondresa

Jose Ramon Elorza
“Bizitza osoan norberaren zilborrera begira egon ondoren, munduko herri eta pertsona pobretuei laguntzeko ordua delako, naiz Mundukideko bidelagun. Nire ekarpena oso txikia da, azal-azalekoa. Asko da, ordea, Mundukideko lan taldeak erakutsi didana: pobretuen aldeko ikuspegi solidarioagoa eta entrega ezin hobea azpimarratuko nituzke”.
Bailarako GGKEak

Jabier Etxaniz
Anelkarreko partaidea
“Antzuolako Anelkar GGKEa oso mugimendu herrikoia da, kanpoan dauden herriko misiolariekin edota proiekturen baten parte hartzen duen herriko jendearekin kolaboratzen duena. Hortaz Mundukidek aukera zabalagoa eskaintzen digu beste GGKE batzuekin lan egiteko, proiektu integralagoak landu ahal izateko, eta hori guztia jarraipen sendoa ziurtatzen duen talde profesional batekin”.
Bazkidea

Arantza Oruna
“Mundukideren lanetik gehien atsegin dudana da gure esperientzia kooperatiboan oinarrituta beste herrialde batzuetan egiten duen lana. Era berean, oso garrantzitsua iruditzen zait proiektu horietan bizitako esperientziak gure artean daukan eragina, guztiok ikasten baitugu zerbait”.
LKS Ingenieritza – Mondragon

Jon Igarza
Lehendakaria
“Orain arte LKS Ingeniariak Mundukideri ekonomikoki eta proiektuetan parte hartuaz lagundu dio, misio eta balorearekin bat egiten dugulako. Mundukideren konpromisoa eta lana oso aberatsa dela iruditzen zaigu. Egiten dituen proiektuekin identifikatu egiten gara eta elkarlanean aritzea ohore handia da LKsrentzat. Bide beretik jarraitzera animatu eta beti egon garela ahal dugun neurrian laguntzeko prest”.
Mondragón Unibertsitatea

Ihintza Irizar
ikaslea
“Mundukide Fundazioa Marrupara (Mozanbike) joateko aukera eman zidan Miriam Garcia ikaskidearekin. Gu HUHEZI Unibertsitateko Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleak gara eta bertan, karrera osoan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea izan dugu. Mozanbike bezalako herrialde batera joatea bizitzan izan dudan esperientziarik aberesgarriena izan da”.
Lanki

Ainara Udaondo
zuzendaria
“Garapenerako lankidetzaren esparruan eredu propioa (kooperatiboa) eraikitzeko helburuarekin Interkooperazio Sistema sortu zen. Lanki eta Mundukide sistema horren sortzaile izan ziren eta sustatzaile dira. Zeregin horretan, nolabait esateko, Mundukidek lankidetza proiektuen ardura teknikoa darama eta Lankik eredu propio horri bere ikerketa eta ikuspegia eskaintzen dizkio; batez ere jakintza arlo hauetan: kooperatibagintza, ekonomia solidarioa eta gizartea”.